Alquiler Seguroren maizterren bila dabil LAB, alokairu greba bat antolatzeko

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 6a

Atez-ate Alquiler Seguroren maizterren bila ibili dira Gasteizen. Argazkia: LAB

Higiezin enpresa horrek 275 etxebizitza inguru kudeatzen ditu Gasteizen. Espainiako Kontsumo Ministerioak isuna jarri dio "abusuzko klausulak" ezartzeagatik.

Gasteizen Alquiler Seguro higiezin enpresak dituen maizterren bila dabil LAB. Gaur bertan "brigada" bat antolatu dute Santa Barbara plazan maizterrekin harreman zuzena egiteko eta informatzeko. Helburua da, Maizterren Sindikatuen Konfederazioarekin batera, estatu mailako lehen alokairu greba antolatzea.

Alquiler Segurok 500 etxebizitza inguru kudeatzen ditu Hego Euskal Herrian, LABen datuen arabera, eta horietatik 275 inguru Gasteizen. Sindikatuak salatu duenez, "legezkoak ez diren praktikak burutzen ditu sistematikoki".

Izan ere, Espainiako Kontsumo Ministerioak 3,6 milioi euroko isuna ezarri dio enpresari, ordainsariak legez kanpo kobratzeagatik, abusuzko klausulak ezartzeagatik edo atzera egiteko eskubidea urratzeagatik. Halaber, ordainsarien ezkutuko kobrantzari eta gordailuen kudeaketa irregularrari buruzko salaketa ere jaso du Alquiler Seguro enpresak.

Lehen alokairu greba

Alokairu greba antolatzeko kanpaina estatu mailan egingo dute. Izan ere, Maizterren Sindikatuen Konfederazioaren bidez, hainbat lurraldetako sindikatuek bat egin dute ekinaldiarekin. LABek adierazi du helburuetan bat datorrela gainerako eragileekin, eta beharrezko baliabideak jarriko dituela Hego Euskal Herriko maizterrak modu kolektiboan antola daitezen eta beren eskubideak defenda ditzaten.

Grebaren helburuak dira "enpresa honek eta antzekoek gauzatzen dituzten praktikak salatu eta hauen aurkako neurriak har daitezen, eta Alquiler Segurok modu iruzurtian lapurtutako dirua berreskuratzea", esan du LABek.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago