Udal bulegoen dantza Gasteizen

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 6a

San Antonio kaleko udal bulegoak itxiko dituzte. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Herritarren Arretarako Bulegoa San Antonio kaletik Plaza Berrira mugitzea aztertzen ari da Gasteizko Udala. Gazte Informaziorako Udal Bulegoa Mendizorrotzera lekualdatuko dute.

San Antonio kaleko 10. zenbakian dagoen lokaletatik ateratzeko lanak prestatzen ari da Gasteizko Udala, dirua aurrezteko asmoarekin. Garaiko PPko udal gobernuak sinatu zuen San Antonio kaleko alokairu kontratua "erabaki kaltegarria" izan dela adierazi du Jon Armentia Ogasuneko zinegotziak, "eta orain beste gobernu batek arduraz, zentzuz eta diru publikoa errespetatuz jokatuko du".

Hartara, herritarren arretarako bulegoa udaletxeko beheko solairura mugitzea aztertzen ari da, Plaza Berrira, eta gaur bertan dagoen Gazte Informaziorako Udal Bulegoa Mendizorrotzako Kirol Medikuntzako egungo instalazioetara mugitzeko asmoa dute.

Bestalde, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuak eta Hurbilek Adriano VI.a kaleko Norabideren bulegoetara eramatea planteatzen da, eta, beraz, Estrada zerbitzuaren lokalaren (Osasun Iturri kalean) zati baten egokitzapena jasoko duen memoria idazteko lanak ere kontratatu dituzte, Norabidek gaur egun garatzen dituen ia jarduera guztiak hartu ahal izan ditzan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago