Gasteizko gau giroan arrastoa utzi duen Satelite taberna orain dela zazpi urte ireki zuten. Viviana Cavazos mexikarrak abiatu zuen proiektua, bere bikotekide zen Itziar Garalucerekin batera, hirian halako espazio alternatibo baten falta sumatzen zutelako. "Eroso sentituko ginen leku bat behar genuen, sortu eta elkartzeko gune bat, eta gutxinaka komunitatea osatu da, askotarikoa, eklektikoa, queer-a". Badaia kaleko txokoak ateak itxiko ditu hilabete amaieran, baina, tabernaz harago, Satelite kolektiboak beste espazio batzuk hartzen jarraituko du aurrerantzean.
Hasiera ez zen erraza izan, pandemiak bete-betean harrapatu zuelako taberna lehenengo hilabeteetan. Baina aurrera egin zuten. Eta bikotea banandu zen arren, Garalucek proiektuari lotuta jarraitu du kolaboratzaile moduan, eta beste batzuk ere batu dira bidean. Gainera, Ania Lucerok ere bat egin zuen garai hartan egitasmoarekin, tabernak behar zuen sormen bultzada emateko. "Estetika, karteldegia, kamiseten diseinua, ekitaldien antolakuntzan laguntza, azoka... Hau da, nire kabuz egin ezingo nukeen alderdi kulturalago hori guztia ekarri zuen Aniak. Nire salbatzailea izan zen modu batean".
Sormenean ez dute mugarik izan. Merkatu Mutantea bezalako arte azoka, Drink and Draw saioak edota Shrek eta Sex and the City-ri eskainitako jai tematiko bitxiak izan dira bere ikur. Eta Cavazosen jatorri mexikarrak ere lekua izan du, ez bakarrik tabernako mezkal eta tekila aukeraketan, baita Gasteizen ospetsu bihurtu diren pikante lehiaketetan ere. "Niretzako esperientzia zoragarria izan da, sortzaile askoren topaleku izan delako Satelite, eta gure lana ezagutzera emateko erakusleihoa ere izan delako", gogoratu du Lucerok.
"Gutxinaka komunitatea osatu da, askotarikoa, eklektikoa, queer-a"
Viviana Cavazos
Taberna herriko plaza bihurtu dela nabarmendu dute biek, askotariko lagunentzako topalekua. "Atentzioa eman digu, halere, edadeko emakume asko elkartu direla hemen, gustora egoteko leku bat topatu dutelako, Donna Summer dantzatzen, agian gizonezko talde handiek okupatzen dituzten espazioetatik salbu", azpimarratu du Cavazosek. Sateliten, gogoratu dutenez, belaunaldi arteko zubiak eraiki dituzte Cher, Britney Spears edo Juan Gabriel-en doinuekin, betiere identitate musikal propio batekin.
Proiektu kulturala sendotu den bitartean, ordea, ostalaritzaren errealitatearekin talka egin du Satelitek, eta horregatik erabaki dute taberna ixtea. Aste barruan ez da behar besteko mugimendurik izan, eta, aldi berean, asteburuetako lana pilatzen joan da. "Ostalaritza zama handia da lagun bakar batentzat, eta gaua gogorra da. Azkenean laguntzaileren bat izan arren, norbera ere bertan egon behar da beti. Eta horri gehitzen badiogu tabernaren jabeak gehiegi lagundu ez digula...".

"Sortzaile askoren topaleku izan da Satelite, eta gure lana ezagutzera emateko erakusleihoa"
Ania Lucero
Azken urtean ordutegia murriztu badute ere, kontuek eta nekeak aldaketa bat eskatzen dute. Horregatik, Satelite fisikoki desagertuko bada ere, Satelite kolektibo gisa berpiztuko dute. Hemendik aurrera, ez dute egoitza finkorik izango, baina hiriko beste espazio batzuetan ekitaldiak antolatzen jarraituko dute, komunitatea bizirik mantentzeko asmoz.
Horren berri aurrerago emango dute, baina aurretik tabernaren agurrerako prestatzen ari dira. Maiatzaren 30ean izango da, Sateliteren espiritu bihurria laburbilduko duen festa handi batekin. Bertan, tabernako objektu bitxien enkantea egingo dute, pikante lehiaketa berri bat izango da, eta mikro irekian sateliteek beren anekdotak kontatu ahal izango dituzte, dantzarako urteotako hit guztiekin batera. "Babestu ditzagun negozio hutsetik harago doazen espazioak ere; agian negozio moduan horren ondo moldatzen ez direnak, baina jendeak beharrezko dituenak".
View this post on Instagram