Uda gerturatzearekin batera, bueltan da Luis Aranburu Folklore Eskolak antolatutako Dantza Plazan egitasmoa bueltan da, aurtengo denboraldiari berrikuntza garrantzitsuekin ekiteko. Maiatzaren 8an hasi eta irailaren 25era arte, ostiralero hitzordu finkoa izango da arratsaldeko 19:30ean.
Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten formatu parte hartzaileagoaren aldeko apustua egin dute: saio bakoitzaren hasieran dantzak pausoz pauso azalduko dituzte, baina bigarren zatian erromeria giroko dinamika nagusituko da. Zati horretan, irakasleek pausoak gidatuko dituzten arren, ez da azalpen teknikorik egongo, publikoak modu askeagoan dantzatu dezan.
Aurtengo berritasun nagusia, ordea, kokalekuetan dago, ekimena Florida parketik hiriko beste gune batzuetara zabalduko baita. Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, aldaketa honen helburua dantza tradizionalei ikusgarritasun handiagoa ematea eta herritar gehiago parte hartzera animatzea da.
Ibilbide berri honetan, Floridako kioskoa, Arka plaza, Santa Barbara plaza, Plaza Berria eta Santa Maria plaza izango dira dantzarien topaguneak. Egutegia maiatzaren 8an abiatuko da Floridan eta, udako etenaldiaren ostean, irailean itzuliko da saioekin, hilaren 25ean Plaza Berrian amaiera emateko.