Lourdes Garcia de Garayo Gonzalez de Aspuru Gasteizko Podemosen bozeramaile izango da aurrerantzean, alderdi moreak gaur ohar batean ezagutzera eman duenez.
Sei urte inguru kargu horretan egon den Guillermo Presa ordezkatuko du Garcia de Garayok, bozeramaile berria aukeratzeko egindako batzar batean hala erabakita. Bozeramaileak udalean "ikuspegi ekofeminista" indartuko duela dio alderdiak, bai eta herritarren "bizi kalitatea hobetu", eta "lortutako eskubideak defendatu" ere. Modu berean, "gizarte kolektiboekin eta udal sarearekin lankidetza sustatzen" jarraituko duela dio Podemosek.
Boluntariotzan "konpromiso eta aktibismo sozialeko ibilbide luzea" du bozeramaile berriak. Momentuz hautagaitzat aurkeztu ez badu ere, alderdiak aurreratu du datozen udal hauteskundeetan "alderdiak izango duen proiektuari ekiteko erronka" izango duela.