Txakurrak aske ibiltzeko sei gune prestatu ditu udalak

Juanma Gallego 2026ko apirilaren 30a

Txakur solteek fauna eta landarediari eragiten duten kalteez ohartarazi du udalak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Gasteizko Eraztun Berdean ere txakurrak lotuta eraman behar direla berretsi du IGI Ingurumen Gaietarako Ikastegiak.

Gasteizko Eraztun Berdean txakurrak solte joan ahal izateko sei gune prestatu ditu Gasteizko Udalak: Salburuan, Zabalganean eta Armentian txakurrak aske ibiltzeko moduko esparru bana atondu dute, eta beste bina jarri dituzte Olarizun zein Zadorra inguruetan —Atxan eta Abetxukun—.

Modu berean, maskotak lotu gabe ibiltzearen ondorioz inguru horretako flora eta faunari sortu ahal zaizkien arazoez ohartarazteko kanpaina bat abiatu du udalak, IGI Ingurumen Gaietarako Ikastegiaren bitartez. Zabaldutako kanpainan diote solte doazen txakurrek habi eta hegaztiei mehatxu egiten dietela, eta, oro har, fauna uxatzen dutela. Horrez gain, landaredia hondatzen dutela gogora ekarri du IGIk, kartel, esku orri, bideo eta sare sozialetako mezuen bidez hedatutako kanpaina informatiboan. Gogora ekarri dute ere laboreak lanerako direla, eta ez txakurrek jolasteko gune bat. Bereziki birsortze prozesuan dauden eremuak babesteko beharra azpimarratu du udalak.

Gasteizko Ingurumen zinegotzi Borja Rodriguezek Eraztun Berdean dagoen "aniztasun ekologikoa" nabarmendu du, eta "ezinbestekotzat" jo du eremu horiek zaintzea. "Gizalege" kontua izateaz gain, IGIk ohartarazi du natura guneetan txakurrak lotuta eramatea EAEko Natura Ondarea Kontserbatzeko Legean dagoen araua dela. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago