Gorenak ez du onartu Kermanen heriotza "homizidio edo erailketa" gisa epaitzeko helegitea

Anakoz Amenabar 2026ko apirilaren 30a

"Justizia" eskatzeko, elkarretaratzea egin zuten joan den abenduan. Argazkia: HALA BEDI

Familiak salatu du Gorenak "sakoneko azterketa saihestu" duela, argudio formaletan oinarrituta.

Espainiako Auzitegi Gorenak ez du onartu Kerman Villate gaztearen familiak aurkeztutako kasazio errekurtsoa. Mitika diskotekako atezain baten kolpe baten ondorioz hil zen Kerman, eta familiak gertaerak "homizidio edo erailketa" gisa epaitzea eskatu zuen, Arabako Probintzia Auzitegiak asmo hori baztertu ostean. Madrilgo auzitegiak, baina, atzera bota du eskaera, errekurtsoa bide horretatik bideratzea ezinezkoa dela argudiatu du.

Kermanen senideek gogor kritikatu dute erabakia, eta adierazi dute Gorenak "erabat saihestu" duela auziaren sakoneko azterketa. Haien ustez, ebazpena "eusten ez diren argumentu formaletan" oinarritzen da. Gainera, salatu dute akats tekniko nabarmenak egin dituela bere autoan, besteak beste, okerreko data duen ebazpen bati egiten diolako erreferentzia.

Familiak nabarmendu du ebazpen honek "kontraesan sakonak" agerian uzten dituela justizia sisteman. Alde batetik, Probintzia Auzitegiak berak adierazi zuelako kasazio errekurtsoa jar zitekeela, eta bestetik, Gorenak bere jurisprudentzia propioari uko egin diolakoan. Familiak deitoratu egin du instrukzioan izandako "hutsune larriak" ez konpondu izana, eta salatu du prozesu osoan zehar "epaiketa justu baterako eskubidea" urratu zaiola.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago