'Naparra' Gasteizko memorialean egiten ari diren erakusketatik kentzeko exijitu du familiak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko apirilaren 24a

Erakusketa ikusi eta gero salatu dute edukia 'Naparra'ren senideek. Argazkia: EGIARI ZOR

Familiak erakusketa horren parte izatearen aurka dagoela adierazi bazuen ere, sartu dute. Gertatutakoa manipulatzea egotzi dio familiak memorialari.

Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak inauguratu berri duen erakusketak Jose Miguel Etxeberria Naparra desagertuaren senideen haserrea piztu du. Naparraren kasuaren manipulazioa egotzi diote memorialaren arduradunei, eta azpimarratu dute erakusketa horretan jasotzen dena ez dela oroimen ariketa bat, "familia baten birbiktimizazioa baizik".

Gainera, nabarmendu dutenez, familiak Joxe Miguelen kasua erakusketa horren parte izatearen aurka dagoela adierazi zuen espresuki. "Familiarentzat memoriarako eskubideak ez esateko eskubidea ere barne hartzen du. Eskubide hori ez da errespetatu", azaldu dute.

Prentsaurrekoa egin dute Gasteizen Eneko Etxebarriak eta Pilar Garaialdek. EGIARI ZOR

Eneko Etxebarria Naparraren anaiak eta Egiari Zor Fundazioaren Pilar Garaialdek agerraldia egin dute gaur Gasteizen, eta memorialaren arduradunei exijitu diete Jose Miguel Etxebarriaren izena "berehala erakusketatik kentzeko".

Biktimaren duintasuna auzitan

Egiari Zor Fundazioak eta Etxebarriaren senideek memorialean erakusketa ikusten izan eta gero erabaki zuten agerraldi publikoan salaketa egitea. "Erakusketa horretan Naparraren bahiketa, hilketa eta desagerpenari buruzko hainbat edukik biktimaren duintasuna erasotzen dute, eta era berean senideengan birbiktimizazio sakon eta mingarria sortzen dute", esan dute.

Hain zuzen, azpimarratu dute Naparra ETAk hil izanaren teoria aurkezten dela hipotesi nagusi bezala. BVE Batallon Vasco Español taldeak hil izanaren teoria, berriz, hipotesi alternatibo gisa aurkezten du, eta "familiari eta ezker abertzaleari" egozten die haren defentsa. Eduki horiek "manipulatuak" direla salatu du Egiari Zor-eko Garaialdek prentsaurrekoan. "Joxe Migelen bahiketa eta hilketa hirutan aldarrikatu zuen Batallon Vasco Españolek. Hirutan. Ez da teoria bat. Ez da aukera bat. Egintza ukaezina da; dokumentatua eta egiaztatua", azpimarratu dute.

Absentzia presenteak. Espainian terrorismoak desagerrarazitakoak izeneko erakusketak estatuan inoiz aurkitu ez dituzten terrorismoaren sei biktimak gogoratzen ditu, horien artean Etxeberriarena. Asteartean inauguratu zuen memorialak.

Naparraren kartela memorialean. EGIARI ZOR

"Inmorala"

Erakusketan Naparraren auzia sartu izana deitoratu dute senideek, eta gogoratu dute 46 urtez linbo administratibo eta instituzional batean bizi izan direla, terrorismoaren biktima bezala aitorpen ofiziala jaso gabe. "Eta orain, zentro memorialista batek, diru publikoarekin finantzatuta, gaur arte inor gutxi ausartu dena egin du: nahasmena sortu, bere bahiketa, hilketa eta desagerpenari buruzko kontakizun faltsua eraikitzeko".

Gasteizko memorialaren arduradunen jokaera "inmorala" deitoratu dute, eta egiletzari buruzko "leporatze faltsua" publikoki zuzentzea galdegin diote memorialaren arduradunei beraiei eta baita erakunde publikoei ere. "Memorialaren patronatua osatzen duten Euskadiko eta Nafarroako erakundeei dei egiten diegu Etxeberria Alvarez familiari babes publikoa eman diezaioten birbiktimizazio onartezin honen aurrean, eta manipulatutako eta faltsututako edukiak berehala kentzeko exijitu ditzaten".

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago