Eroskik Gasteizko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren kontrako helegitea jarri duela jakin eta gero, Eguzki talde ekologistak oharra plazaratu du, Astegietako meandroa berreskuratzeko eskatuz. "Merkataritza gunea eta aparkalekua eraikitzeko, Zadorraren ibilbide naturala aldatu zen, eta 800 metro inguruko meandro bat kendu zen. Naturaren aurkako erabaki horrek uholdeak eragiten ditu", gogoratu du Eguzkik.
Eroskik zalantzan jarri du Astegietako bere lursailaren birkalifikatzea. Bertan, hipermerkatu zaharraren eraikina dago oraindik, eta hirugarren sektoreko lurzorua izatetik berdegune izatera igaroko da. Udalak lursaila birkalifikatzeko hartutako erabakia Uraren Euskal Agentziaren (URA) eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostenetan oinarritu zen, eta eremu hori berdegune gisa erabiltzea gomendatu zuten, "Zadorra ibaia, ibaiaren espazioa eta inguruneko uholde arriskua babesteko".
Eguzkiren ustez, uholdeen arazoa ibaien "patologia" bat bezala hartu beharrean, ibaien dinamika errespetatzen duten egiturazko neurriak eta kudeaketa neurriak bateratuz tratatu behar da, "uholdeen ibarretan uholdeekin bateragarriak diren lurzoruaren erabilerak esleituz, eta, bereziki, Uraren Esparru Zuzentarauaren irizpideen ildotik, jatorrizko ibilgua lehengoratuz". Astegietako kasuan, defentsak sortu behar direla azpimarratu du Eguzkik, ahalik eta uholde lautada naturalizatuena sortzeko, Astegietako meandroa berreskuratuz.