Mayner liburu dendaren azken kapitulua

Anakoz Amenabar 2026ko apirilaren 23a

Mayner liburu eta paper denda. Gasteizko Probintzia plazan. Argazkia: A. AMENABAR/ ALEA

Sei hamarkada egin ditu Maximo Maynerrek apal artean, eta laster esango dio agur familiako liburu eta paper dendari.

Gasteizko Probintzia plazan, Foru Aldundiaren jauregia aurrez aurre, hiriko denda tradizionalen azken lekukoetako bat itzaltzeko zorian dago. Maximo Maynerrek (Gasteiz, 1953) 60 urte daramatza bere abizena daraman liburu eta paper dendako mostradorearen atzean, baina bizitza osoa apal artean igaro ondoren, azken atala idazteko prest dago: "Inoiz ez dut erretiroa hartzeko presarik izan, baina saturatuta nago, gainezka; bihar bertan itxiko nuke aukera banu".

Mayner liburu dendaren historia 1957an hasi zen txoko honetan bertan, Leandro Mayner koadernatzailearen eskutik. Hasiera batean, lokala tailerra eta denda zen aldi berean. "Nire aitak dendaren erdian jarri zuen koadernatze lantegia; geroago etorri ziren liburuak eta paper dendako kontuak", gogoratu du Maximok. Garai hartan, Mayner familia aitzindaria izan zen liburuak kalera ateratzen Liburuaren Egunean: "Parean genuen Matauco ultramarinos dendaren gurdi batekin joaten ginen Espainia Plazara liburuak saltzera; bi edo hiru bidaia egiten genituen kargatuta". Handik Dato kalera pasa ziren, Linacero liburu dendak Alaba Jeneralaren kalean jartzen zuen bitartean, eta urte batzuk beranduago heldu zen azoka handiagoa: "Axular, Herrikoia, Ayala, Jakintza... hainbat liburu denda ireki zituzten denbora gutxian Gasteizen, eta orduan elkartzen hasi ginen eta gauzak batera antolatzen. Gaur egun ez dago halako indarrik taldean".

"Hainbat liburu denda ireki zituzten denbora gutxian Gasteizen eta elkartzen hasi ginen, gauzak batera antolatzen. Gaur egun ez dago halako indarrik"

Maximo Mayner, liburu saltzailea

Egun negozioaren errealitatea oso bestelakoa dela dio. Liburu denda tradizionala loteriari eta kinielei esker mantentzen du zutik. "Loteria saltzen zaharrena naizela uste dut, saltoki mistoen artean. Loteriarik izan ez banu, aspaldi itxiko nukeen. Hori, eta lokala gurea dela; bestela, jai genuke", azaldu du. Egunkariak ere "erlikia" gisa mantentzen ditu, Probintzia plazan egonda Aldundiari ematen dion zerbitzuagatik, nahiz eta teknologia berriek ohiturak aldatu dituzten: "Goizeko lehen orduetarako diputatuek dena irakurria dute mugikorrean".

Denda txikien krisia online salmentarekin areagotu dela uste du, eta azken txanpa hau maldan gora izaten ari da. Duela zortzi urte, bere anaia bazkideak istripu bat izan zuen, eta, Maximo erretiroa hartzear zela, bakarrik hartu behar izan zuen dendaren zama, tarteka emaztearen laguntzarekin. "Pentsatu nuen langileren bat kontratatzea, baina kontuek ez dute ematen...". Orain, emazteak erretiroa noiz hartuko zain dago, 2017an izango da, eta orduan itxiko dute Mayner.

Bien bitartean, Carlos Ruiz Zafonen La sombra del viento bezalako klasikoen edizio berriak -dendan gehien saldu den liburua, gogoratu duenez- edo Desperta Ferro bezalako historia aldizkari espezializatuak pilatzen doaz, baina apalak gero eta hutsune gehiago ditu. "Orain salduko dudana baino ez dut ekartzen, best seller batzuk, karta sorta batzuk eta bezero fidelen enkarguak...". Liburuaren Egunean ere ez du garai bateko azokarik, baina ez du ohiturarik galdu, %10eko deskontuen txartela jarri du erakusleihoan. "Batek daki, agian bikote gazte batentzat izan daiteke liburu denda hau; negozioari buelta bat eman, eta online bidezko salmenta ere indartuta".

Maximo Mayner, liburu dendan gehien saldu den 'La sombra del viento' eleberria eskuan. Argazkia: A. AMENABAR/ ALEA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago