Gasteizko Udaltzaingoak 47 urteko gizonezko bat atxilotu du astelehen arratsaldean, bere bikotekideari lesioak eragiteagatik. Abisua 15:30 inguruan jaso zuen Udaltzaingoak, 092 zenbakira egindako dei batek Anglo auzoko etxebizitza batean bikote baten arteko eztabaida gogorra zegoela ohartarazi zuenean. Salatzaileak oihuak eta kolpeak entzuten zirela adierazi zuen.
Abisua jaso bezain laster, patruila bat bertaratu zen helbide horretara. Poliziek bi pertsonak banaka elkarrizketatu zituzten, eta emandako azalpenak entzun ondoren, emakumeak zituen lesioak ikusita, ustezko erasotzailea atxilotu zuten.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.