Gasteizko udaltzainek 44 urteko gizonezko bat atxilotu dute ostiral gauean, bikotekideari lesioak eragitea egotzita. Gertakariak 22:00ak inguruan jazo ziren. Koordinazio Zentralak patruila bati eskatu zion Zaramaga auzoko atari batera joateko, gizonezko batek emakume bati eraso egin baitzion.
Bertaratu zirenean, udaltzainek gizon bat ikusi zuten Legutioko Atarirantz korrika, eta gelditzeko agindu zioten. Une horretan, gertaeren lekuko bat iritsi zen, eta hark erasoaren berri eman zien poliziei. Biktimak eraso markak zituen aurpegian.
Halaber, 31 urteko beste gizon bat atxilotu dute larunbat gauean, genero indarkeria leporatuta, bikotekideari lesioak egiteagatik. Aranbizkarra auzoko lokal batean gertatu zen erasoa. Lekukoen arabera, gizonak bikotekideari eta defendatu saiatu zen ahizpari ere eraso egin zien.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.