Board Game Gasteiz (BGG) elkarteak Gasteiz Jokoan mahai jokoen jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu du, iazko arrakastarem ondoren. Maiatzaren 15ean eta 16an izango da Europa biltzar jauregian, eta sarrera doakoa izango da. Iaz aurreikusi zuten parte hartzaile kopurua gainditu egin zuten, antolatzaileek azaldu dutenez, mahai jokoek profil guztietako jendearen artean pizten duten interesa agerian utziz.
Aurtengo berritasun nagusia espazio handiagoa izango da, publiko adituarentzako eremu espezifiko bat gehituko baita. Bertan, izena eman behar duten jarduerak jokatuko dira: rol partidak (euskaraz eta gaztelaniaz), txapelketak eta tailerrak. Hala ere, joko libreak protagonismo handia izaten jarraituko du ludoteka zabalago bati esker, eta familiako txikienek ere euren txoko propioa izango dute, Txiki-Txokoa, elkarrekin jolasteko eta tailerretan parte hartzeko.
Jaialdian boluntario talde bat egongo da uneoro bisitariei jokoak azaltzeko eta dinamizatzeko. Gainera, Europa jauregiko ekintzez gain, apirilaren 18tik aurrera hiriko denda espezializatuetan aurretiko txapelketak jokatuko dira, jaialdiko final handirako bidea markatuz. Astebete beranduago, maiatzaren 23n, Gasteizko ondare ludiko historikoarekin bat egiteko, bisita gidatua antolatu dute Fournier karta museora. Egitarau osoa kontsultatzeko eta plaza mugatuko jardueretan izena emateko, www.gajo.eus webgunea jarri dute herritarren eskura.