Osasun publikoaren "errealitate gordina" salatzeko manifestazioak deitu ditu OPAk

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko apirilaren 16a

Larunbateko manifestazioaren atxikimenduak aurkeztu dituzte goizean. Argazkia: OPA

Gasteizen 12:00etan aterako da manifestazioa, Bilbo plazatik.

Osasunerako eskubidea arrisku larrian dagoela salatu du Osasun Publikoa Aurrera plataformak, eta  sistema publikoa defendatzeko eta "benetako irtenbideak" eskatzeko manifestazioak deitu ditu erkidegoko hiru hiriburuetan larunbat honetan. Gasteizkoa 12:00etan irtengo da, Bilbo plazatik.

Gaur bertan agerraldia egin dute Gasteizko Plaza Berrian plataformako kideek manifestazioa babesten duten sindikatu, alderdi eta herri mugimenduekin. Guztira, 60 eragile baino gehiago batu dira ekimenera: ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CNT eta CGT sindikatuak, EH Bildu, Podemos eta Sumar alderdiak, baita pentsiodunak, auzo elkarteak, edo talde feministak ere.

Osakidetzaren zuzendaritzak "aurrekaririk gabeko propaganda kanpaina" egiten ari dela salatu dute deitzaileek, baina horren aurrean "osasun publikoaren sistemaren errealitate gordina" dagoela esan dute. Ildo horretan aipatu dituzte itxaron zerrenda onartezinak, mediku eta langilerik gabeko zentroak, pribatizazioak, aurrekontuen murrizketak, aldi baterako enplegua, gehiegizko lan zama edo lehen mailako arretaren hondatze progresiboa, besteak beste.

Osasun sailburua  kritikatu du OPAk, "aurrekaririk gabeko propaganda kanpaina" batean murgilduta dagoela esan dute eta zeregin nagusia "prentsan agertzea" dela. "Osasun sailburua ahalegintzen ari da beste itxura bat ematen, baina egia esateko Osakidetzako arazoak konpontzen huts egiten ari da eta bere kudeaketaren ezaugarriak aurrekoen berdinak dira: gardentasun falta, herritarren parte hartzerik eza eta langileekiko elkarrizketa falta".

Sailburuaren kudeaketaren adibide gisa jarri dute iraungitako txertoen auzia. "Eskandalu honen azken arduradun gisa, berehalako dimisioa eman beharko zuen", esan dute.

Beste eredu baten alde

Horren aurrean, "beste Osakidetza bat" defendatzen dutela adierazi dute: publikoa, unibertsala eta doakoa. Lehen mailako arreta erdigunean duena nahi dute, "hurbilekoa, irisgarria eta gizatiarra".

Halaber, osasun publikoaren "narriadura" gelditzeko hainbat neurri proposatu dituzte:

  • Pribatizazioa gelditzea eta kanporatutako zerbitzuak berreskuratzea.
  • Murrizketak amaitu eta itxi diren zerbitzuak berriro irekitzea.
  • Finantzaketa publikoa handitzea.
  • Lehen mailako arreta, osasun komunitarioa eta osasun mentala indartzea.
  • Langile kopuru nahikoak eta egonkorrak bermatzea.
  • Kudeaketa eredu gardena eta parte hartzailea ezartzea.
  • Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea osasun publikoan, eta euskararen erabilera benetan normalizatzea.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago