Gasteizko eskola inguruneetako airearen kalitatea "kezkagarria" dela ohartarazi dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko apirilaren 16a

Kutsadurak eskola inguruneetan duen eragina aztertu du Ekologistak Martxanek. Argazkia: ALEA

Iturritxuko Gurutzmendi Haurreskolan neurtu ditu Ekologistak Martxan elkarteak baliorik altuenak. "Osasun publikoarentzako arrisku larria dago".

Ekologistak Martxan erakundeak nitrogeno dioxidoaren (NO2) gaineko  mailak neurtu ditu estatu mailako 400 eskola ingurune baino gehiagotan. Gasteizen bertan, gurasoen laguntzarekin, 17 ikastetxetan jarri dira neurgailuak. Bizikleteroak elkarteak ohartarazi du emaitzek egoera kezkagarria agerian utzi dutela.

Datu kezkagarriena Gurutzmendi Haurreskolan jaso da, Iturritxu kalearen ondoan, hiru erreiko trafikoa duen errepide baten alboan. Bertan, 32,4 mikrogramo metro kubikoko balioa neurtu da. "Datu horrek agerian uzten du osasun publikoarentzako arrisku larria, batez ere patioa trafiko handiko eremu horretara ematen duelako", zehaztu du Bizikleteroak-ek

Ikasbidea ikastetxean kokatutako neurgailua izan ezik, gainerako guztiek gainditzen dituzte Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatutako 10 mikrogramo metro kubikoko mugak. "Horrek esan nahi du airean dagoen kutsadura maila kaltegarria dela osasunerako". Gainera, neurtutako 17 puntuetatik 8tan (%47), NO2 mailak 20 μg/m³-tik gorakoak dira; hau da, Airearen Kalitatearen Europako Zuzentarau berriak ezartzen duen urteko muga gainditzen dute, 2030erako bete beharrekoa.

Bestalde, Ekologistak Martxanek egindako neurketen arabera, Gasteizko zazpi ikastetxek 20 eta 25 mikrogramo metro kubiko arteko balioak dituzte. "Neurketa hauek berresten dute NO2 trafikoaren dentsitatearekin lotuta dagoela, eta Gasteizko hainbat eskola ingurune puntu kritiko bihurtu direla". Iturritxu kalea "kasu nabarmena" bada ere, Abendaño, Toki Eder eta Arantzabela ikastola inguruek ere premiazko neurriak behar dituztela zehaztu du Bizikleteroak-ek.

Berehalako ekintza planak

Datu horiek kontuan hartuta, Gasteizko Udalak ekintza planak diseinatzen hasi beharko lukeela uste du taldeak, emisioak murrizteko. "Horretarako, ezinbestekoa da erregai fosilak erabiltzen dituzten ibilgailuen trafikoa gutxitzea, eta garraio publiko zein bizikletaren aldeko alternatibak indartzea".

Halaber, taldeak uste du beharrezkoa dela airearen kalitatea zorrotzago kontrolatzea bereziki sentikorrak diren eremuetan, hala nola eskola eta osasun zentroetan. "Azken finean, haurren osasunaren babesa lehentasun nagusia izan behar da, trafikoaren arintasuna edo ibilgailu pribatuen erabilera masiboa baino lehen", esan du Bizikleteroak taldeak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago