Kanthorietatik Auto-tunera, euskarazko musikaren bidaia IAKn

Jon Hidalgo 2026ko apirilaren 17a

Maiatzaren 10a arte egongo da ikusgai erakusketa. Apirilaren 24an, bisita gidatua Xabier Erkizia komisarioaren eskutik.

Izaskun Arrue Kulturgunean Kanthoria eta Auto-tunea: bidaia bat euskarazko musikaren historian zehar erakusketa ibiltaria aurkeztu dute. Musika Bulegoak bere hamargarren urteurrena ospatzeko abiatutako egitasmoa da, eta euskaraz egindako musikaren jatorria, sorrera eta erronkak ditu ardatz.

Erakusketa honek XVII. mendetik gaur egunera arte euskal musikaren panoraman izan diren mugarri nagusiak jaso ditu, testuinguru soziokulturalari arreta berezia eskainiz. Euskal kultur paisaia garaikidea definitu duten garai, joera eta aldaketa nagusiak azaltzen dira, betiere euskarak musikan izan duen presentzia eta bilakaera ardatz hartuta.

Bilbotik igaro ostean iritsi da erakusketa Gasteizera, eta apirilaren 16tik maiatzaren 10era arte egongo da ikusgai Izaskun Arrue Kulturgunean, Errementari kalean. Ostiraletan eta larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara zabalik egongo da, eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara. Maiatzaren 1ean itxita egongo da.

Erakusketarekin batera, jarduera osagarri ugari ere antolatu dituzte Gasteizen. Apirilaren 24an, 19:00etan, Xabier Erkiziarekin bisita gidatua egingo da, izena ematea beharrezkoa izango da, eta ondoren, 19:30ean, Iaiaia Irrintzi performancea izango da. Amaitzeko, maiatzaren 6an, 19:00etan, mahaingurua antolatu dute: Zer leku du konpromiso politikoak euskal musikan?. Jon Basagurenek gidatuta, Birkite Alonso, Josu Zabala eta Sara Alonsok hartuko dute parte. Jarduera guztiak euskaraz izango dira.

Ahozko tradiziotik digitaleraino

Xabier Erkizia ikertzaile eta soinu sortzailea izan da erakusketaren komisarioa. Musika Bulegoaren 10. urteurrenaren baitan kokatu dute ekimena, eta erakundearen ibilbidea eta helburuak ere islatzen ditu, antolatzaileen arabera. Izan ere, Musika Bulegoa 2015etik ari da euskal musikari profesionalen bilgune izaten, euskal musika sustatzen, ikusarazten eta bere profesionalizazioa bultzatzen.

Erakusketan euskaraz egin den musikaren ibilbide historikoa jasotzen da, modu kronologikoan zein gaika antolatuta. Ahozko tradiziotik abiatzen da, ondoren idatzizko formetara igaroz. XIX. mendean euskal kantutegien sorrera azpimarratu dute, eta XX. mendean soinua grabatzearen iraultza. Gaur egun, aro digitalera heldu da ibilbidea, erabat aldatu dira musika sortzeko, grabatzeko eta zabaltzeko moduak.

Hamarkada bakoitzeko elementu esanguratsuenak bildu dituzte. 1970eko hamarkadan kantagintza berriaren sorrera nabarmendu dute, tradizioarekiko haustura ekarri zuena. Ondoren, rocka, popa, punka eta beste hainbat estilo iritsi ziren, eta erakusketak erakusten du nola txertatu den euskara mundutik etorritako musika joera eta estilo horietan guztietan. Halaber, musikaren eta politikaren arteko lotura ere landu dute da, euskal musikan presentzia nabarmena izan duen gaia.

Erakusketa ibiltaria denez, Gasteizen egon ondoren Donostiara joango da, urriaren 8tik azaroaren 8ra bitartean, eta ondoren Iruñean izango da ikusgai azaroaren 11tik abenduaren 12ra arte.

Argazkiak: Lucia Flores

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago