indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, aldundiaren menpeko neska adingabe bati sexu erasoa egitea egotzita

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko apirilaren 15a

Eraso matxisten kontrako elkarretaratzea Gasteizen. Argazkia: ALEA

Arabako Foru Aldundiak irmo gaitzetsi du erasoa eta elkartasuna adierazi dio biktimari eta haren familiari.

Berri agentziek zabaldu dutenez, 21 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapeko 17 urteko neska bati sexu erasoa egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun saileko iturriek baieztatu dutenez, atxiloketa apirilaren 9an izan zen, erasoa gertatu eta lau egunera. Ondoren, gizonezkoa epailearen esku utzi zuten.

Aldundiak azaldu duenez, tutoretzapeko adingabeak salaketa jarri zuen Ertzaintzaren aurrean, hezitzaileetako bati gertatutakoa kontatu ondoren. Biktimak atxilotutako gizonarekin sexu harremanak izateari uko egin zion, eta orduan egin zion mutilak sexu erasoa. Joan den igandean, apirilaren 5ean, lagun batekin aisialdian zegoela ezagutu zuen mutila.

Gertatutakoa kontatu ondoren, neskari osasun zentro batera laguntzeko protokoloak aktibatu ziren, eta ustezko erasotzailearen aurkako salaketa jarri zuten.

Arabako Foru Aldundiak irmo gaitzetsi du erasoa, eta gertutasuna eta elkartasuna adierazi die gazteari, haren familiari eta hurbilekoei.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago