Nazioarteko mendi bizikletaren elitea Gasteizen izango da maiatzaren 2an eta 3an, Vitoria‑Gasteiz BTT Basque Country jaialdiaren lehen edizioarekin. Olarizuko parkea izango da ekitaldiaren erdigunea. Lehiaketa profesionalak, herritarren parte hartzea eta naturaren balioa uztartzeko asmoz antolatu dute lehiaketa, udalaren esanetan.
Gasteizko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek nabarmendu dute ekimenak hiriaren nazioarteko posizionamendua indartuko duela, "kirol handia", turismo aktiboa eta bizi ohitura osasungarriak sustatuz. Olarizuko parkea aukeratu dute, "mendiko bizikletarako eta goi mailako probak antolatzeko ingurune egokia" delako.
Larunbatean, maiatzaren 2an, BTT XCO proba egingo da, Shimano Super Cup Massi zirkuituaren barruan eta UCI puntuekin. Haurrentzako eta eskola mailako probak ere izango dira. Igandean, maiatzaren 3an, BTT Marathon (70 km, 1.950 m+) eta BTT Half Marathon (50 km, 1.300 m+) modalitateak jokatuko dira, kategoria ezberdinekin, baita E‑Bike-entzako aukera ere.
Ekitaldi osoa Olarizun egingo da, irteerak, helmugak eta zerbitzuak bertan kokatuta. Helburua da Gasteizen ingurune naturala eta aire zabaleko kirolen aldeko apustua nabarmentzea. Izen ematea zabalik dago ekitaldiaren webgune ofizialean.