Gasteizko Mercedes-Benz enpresak Previnsarekin duen kontratua etetea erabaki du, ELAk ohar bidez aurreratu duenez. Ondorioz, Mercedesen lan egiten duten 27 suhiltzaileren kaleratze kolektiboa etorriko dela salatu du sindikatuak. Kontratua bertan behera uzteko, Mercedesek argudiatu du Previnsaren zerbitzuan urraketak egon direla.
ELAk gogoratu du suhiltzaileak greba mugagabean zeudela joan den urtarrilaren 15etik. Alta, une honetan lan gatazka konpontzeko negoziazioak aurreratuta zeudela adierazi du sindikatuak. "Azken egunetan harremanak estutu egin ziren, proposamenak trukatu ziren eta plantillak —ELAko ordezkari baten bidez— hasierako eskakizunak nabarmen murriztea onartu zuen, aurreakordio bat lortzeko helburuarekin".
Testuinguru horretan kontratua etetea greba eskubidearen aurkakotzat jo du ELAk. "Hartutako erabakiek grebarako eta negoziazio kolektiborako eskubideak urratzen dituzte, eta gainerako azpikontratak beldurtzea bilatzen dute". Gainera, adierazi du langileen eskubideak ekintza sindikalaren eta bide juridikoen bidez defendatuko dituela.