'52 hertz', nahi gabeko bakardadearen oihartzuna

Erlantz Anda 2026ko apirilaren 14a

'52 hertz' obra, Ados taldearen eskutik. Argazkia: ADOS

Ados Teatroaren antzezlana ostegunean izango da ikusgai, euskaraz, Jesus Ibañez de Matauko antzokian.

Ados Teatroak 52 hertz antzezlana aurkeztuko du apirilaren 16an, 19:30ean, Hegoalde gizarte etxeko Jesus Ibañez de Matauko antzokian. Helduentzako ikuskizuna izango da eta euskaraz.

Lanaren abiapuntua nahi gabeko bakardadearen inguruko testigantza errealak dira, aurrez mikrodokumental formatuan jasotakoak. Izenburuak "52 hertzeko balea" izeneko fenomenoari egiten dio erreferentzia: Ozeano Barean grabatutako soinu berezi bati, balea urdin baten kantuaren antzekoa dena, baina espezie horren ohiko komunikazio maiztasunetik kanpo dagoena. Hortik abiatuta, bakardade sozialaren metafora eraikitzen du obrak.

Garbi Losadak zuzendutako lanak ikuspegi poetiko eta ez-errealista batetik heltzen dio isolamendu sozialari. Eszenan, hainbat bakardade mota gurutzatzen dira: migrantearena, adineko pertsonarena, zaintzailearena, gazte baten mina edo itxuraz egokitutako profesional baten bakardadea. Guztiek galdera bera uzten dute airean: nork entzuten du entzuna izan nahi duenaren deia?

Aktore lanetan Joseba Apaolaza, Dorleta Urretabizkaia, Martxelo Rubio, Amaia Irazabal eta Ainhoa Aierbe ariko dira. Gidoia Garbi Losadak eta Jose Antonio Vitoriak sinatu dute, eta euskarazko bertsioa Bego Losadarena da.

Sarrerak 15 euroan daude salgai Principal Antzokiaren atarian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago