Zaramagako Eguneko Arretako zentro berria, sareko handiena, datorren astelehenean, apirilaren 20an, irekiko dute. Egun horretatik aurrera hasiko dira 60 lagunak zentroa erabiltzen, eta beste 28 bertara bazkaltzera joaten hasiko dira.
Gasteizko Udalak iragarri duenez, adinekoentzako zentro hori auzoa biziberritzeko planaren inbertsioetako bat da, eta plaza kopurua 263raino handitzeko aukera emango du. Guztira horrelako sei zentro izango ditu aurrerantzean Gasteizek. Zaharrena, Olarizuko Santa Mariakoa, 2000. urtekoa da. Ondoren, Tomas Zumarraga Dohatsua, Blas Otero, San Prudentzio eta Berpizkundekoa jarri ziren martxan, eta orain Zaramaga gehitu zaie.
Zaramagakoa bezalako zentroak udal baliabide komunitarioak dira, eta pertsonak egunero ordu batzuetan joaten dira horietara. Zerbitzuen artean, bazkaria eta egokitutako garraioa ere badaude. Helburua autonomia hobetzen eta narriadura funtzional, kognitibo eta soziala prebenitzen laguntzea da. Horrela, erabiltzaileek etxean bizitzen jarrai dezakete eta, aldi berean, familiei zainketan laguntza eskaintzen zaie.
Zentro horietan, pertsona bakoitzaren lehentasunak, gaitasunak eta beharrak hartzen dira kontuan, eguneroko bizipena atsegingarria izan dadin. Hala, familiekiko, lagunekiko eta komunitatearekiko harremana sustatzen da. Hartzaileak 65 urte edo gehiagoko pertsonak dira, mendekotasuneko arriskua edo 1. mailako mendekotasuna 39 puntura arte aitortuta dutenak.
Adinekoentzako 158 jantoki plaza Zaramagan
Zaramagako Eguneko Arretako zentroak 60 pertsona artatuko ditu bi txandatan, goizez eta arratsaldez, eta horietako bakoitzean 30 plaza izango dira. Guztiek zentroan bazkalduko dute. Gainera, zentroko erabiltzaile ez diren 60 urtetik gorako pertsonentzako jantoki zerbitzua du, 28 plazarekin, bi txandatan banatuta.
Jantokiko 28 plaza berri horiekin, gehi BIZAN Zaramagako 70 plazekin, auzoak adinekoentzako 98 jantoki plaza izango ditu, eta horiei eguneko arretaren erabiltzaileentzako 60 plazak gehitu behar zaizkie. Guztira, beraz, 158 plaza.