Andre Maria Zuriaren omenezko jaiak iragarriko dituen kartel ofiziala aukeratzeko lehiaketa publikoaren deialdia egin du Gasteizko Udalak. Gaur BOTHA Arabako aldizkari ofizialean argitaratu dute deialdia, eta edozein pertsonari irekita, nazionalitatea edo bizilekua edozein dela ere. Hilaren 13tik aurrera aurkeztu ahalko dira proposamenak.
Iaz irekitako bideari jarraiki, lehiaketa hiru fasetan garatuko da. Lehenengoan, parte hartzaileek dosier digital bat aurkeztu beharko dute: hiru eta bost lan artean aurkeztu beharko dira, eta, horietatik gutxienez bi kartelak izan beharko dira. Behin horiek aztertuta, epaimahaiak haien estiloa eta kalitate artistikoa baloratuko du.
Hautagaitza horien artean, epaimahaiak bost finalista aukeratuko ditu. Bigarren fasean, bost hautatuek kartel bat egin beharko dute, Andre Maria Zuriaren jaietako izaera islatuko duena. Finalista bakoitzak 500 euroko ordainsaria jasoko du. Hirugarren fasean, epaimahaiak kartel irabazlea aukeratuko du bost lanen artean.
Kartel irabazlearen egileak 2.500 euroko saria jasoko du orotara: 2.000 kartela beragatik, finalista izategatik irabazitako 500 euroez gain. Kartelak testuak euskaraz eta gaztelaniaz jaso beharko ditu, lehentasuna euskarari emanez, eta jaietako datak adierazi: 2026ko abuztuaren 4tik 9ra. Udalak maiatzaren 15ean jakinaraziko ditu bost finalistak; kartel irabazlea, berriz, ekainaren 12an ezagutaraziko dute.