Bernardo Atxaga, Nativel Preciado eta Mikel Soto izango dira Gasteizko Liburu Egunetan

Anakoz Amenabar 2026ko apirilaren 9a

Apirilaren 14an aurkeztuko du 'Enarak' liburua Atxagak Gasteizen. Argazkia: KATAKRAK

Montehermoso kulturunea hartuko dute aurtengo Liburu Egunek, apirilaren 13tik aurrera.

Bernardo Atxaga, Mikel Soto, Nativel Preciado eta Lorenzo Silva bezalako idazleek hartuko dute parte apirilaren 13tik 23ra bitartean Gasteizen ospatuko diren Liburu Egunetan. Aurten, Udal Liburutegien Sareak bultzatutako jarduera honek egoitza aldatuko du, eta saio guztiak Montehermoso kulturunean egingo dira.

Atxagarena izango da hitzordu nagusietako bat, apirilaren 14an. Idazleak bere azken proiektua, Enarak, aurkeztuko du formatu berezi batean. Saioan, testuak eta irudiak uztartuko ditu bere sorkuntza prozesuaren inguruan hitz egiteko. Bestalde, apirilaren 22an, Mikel Soto historialariaren txanda izango da; Jon Miranderi buruz idatzi duen Mirande, herriminez, ezin-minez saiakera aurkeztuko du, Miel Anjel Elustondok gidatutako elkarrizketa batean.

Gaztelaniazko literaturari dagokionez, apirilaren 13an Nativel Preciadok irekiko du zikloa El pan de mis hijos eleberriarekin. Hilaren 16an, Lorenzo Silva idazleak bere ibilbide literario zabala eta bere azken lana, Con nadie, aipatuko ditu Naiara Lopez de Munainekin batera. Gainera, apirilaren 15ean, Laura Perez Vernettik emakumeek komikigintzan lekua egiteko dituzten zailtasunak aztertuko ditu bere azken lana aurkeztearekin batera, La venus de los tacones.

Egitarauak inklusioari eta memoriari ere tartea egingo die. Apirilaren 21ean, Javier Alcazar eta Manu Arroyal bikoteak La edad de la ira liburuaren irakurketa errazeko egokitzapena aurkeztuko dute. Azkenik, apirilaren 23an, Martxoak 3 elkarteak M3moria Letrak lehiaketako sariak banatuko ditu, 1976ko gertakarien 50. urteurrenaren atarian. Saio guztiak 18:30ean hasiko dira.

Hitzaldi horiez gain, apirilaren 13tik 23ra bitartean, sareko liburutegi guztiek mural kolektiboak osatuko dituzte. Erabiltzaileek euren irakurketa iradokizunak partekatu ahal izango dituzte bertan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago