La Txama, Olaia Inziarte, Pi L.T. eta Sua taldeak arituko dira Gasteizko jaietan Aihotz plazan

Jon Hidalgo 2026ko apirilaren 9a

Egitarau "alternatibo eta apurtzaileagoa" iragarri du Kultura zinegotziak Aihotz plazarako. Argazkia: La Txama

Abuztuaren 5etik 8ra egunero izango da kontzertu hauetako batez gozatzeko aukera, 23:00etan.

Aihotz plaza izango da aurten ere Gasteizko jaietako agertoki nagusietako bat. Ohiko euskal musika, bertso eta bestelako eskaintzaz gain, lau kontzertu nagusi eskainiko dira bertan abuztuaren 5etik 8ra bitartean, egunero 23:00etan, La Txama, Olaia Inziarte, Pi L.T. eta Sua. Udalak musika eskaintza osatu nahi izan du aurten ere agertoki honen bidez, ohiko programaziotik harago doazen proposamen alternatibo eta euskaldunak eskainiz.

Kultura zinegotzi Sonia Diaz de Corcuerak nabarmendu duenez, Aihotz plazako kontzertuek "estilo ez horren komertziala, alternatiboagoa, apurtzaileagoa eta, jakina, euskaldunagoa ekarri ohi dute, eta beste urte batez ziur nago plaza hau beteko dutela".

La Txama

Abuztuaren 5ean La Txama izango da oholtzan. Chill Mafia, Skakeitan edo Esne Beltza taldeetan aritutako kideek osatzen dute, eta corridoak eta rantxerak nahasten dituzte oinarri elektroniko modernoekin. Estilo apurtzaile eta ausartarekin, Andre Maria Zuriaren egunari soinu banda berezia jarriko diote.

Olaia Inziarte

Abuztuaren 6an Olaia Inziarte igoko da Aihotz plazara. Gaur egungo euskal musikagintzako ahots gazte entzutetsuenetako bat da, eta Gasteizen eskainiko du uda honetako bere kontzertu bakarra euskal hiriburu handietan.

Pi L.T.

Abuztuaren 7an Pi L.T. izango da protagonista. 90eko hamarkadaren hasieran Mungian sortutako metal alternatiboko taldeak hainbat geldialdi eta aldaketa izan ditu, baina orain indarberrituta itzuli da. Energia, melodia eta sendotasuna uztartzen dituzte, eta Aihotz plazan lehertzera ekarriko dute berriz ere euren potentziala.

Sua

Abuztuaren 8an Sua taldeak itxiko du Aihotz plazako egitaraua. Maruriko indie rock alternatibo bandak bere hirugarren lana aurkeztuko du: Bide ilunek argitzen zuten dena. Soinu rockeroagoa eta intentsitatez beteriko abestiak dakartzate. Emakumeen ahotsek gidatutako talde honek nazioarteko oihartzuna lortu du, Alemanian, Japonian eta Hego Korean publikoa bereganatuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago