Katxiporreta pailazo taldea Gasteizera iritsiko da datorren apirilaren 27an eta 28an Zerua lapurtu dute ikuskizun berriarekin. Saioak Jesus Ibañez de Matauko antzokian izango dira, bi emanaldi egun bakoitzean (16:30ean eta 18:30ean), eta sarrerak dagoeneko salgai daude.
Proiektu hau pailazoen eta Aranzadi zientzia elkartearen arteko lankidetza berezi baten emaitza da, zientzia eta aisialdia modu dibertigarrian uztartzen dituena. Ikuskizuna iazko azaroan argitaratutako ipuin eta disko ilustratuan oinarritzen da; Leire Bilbaok idatzi eta Xabi Zabalak musikatutako lan honek argi kutsadura, pantailen gehiegizko erabilera eta unibertsoaren edertasuna ditu ardatz. Helburu nagusia haurrei eta familiei natura zaintzearen garrantzia helaraztea da, "begiak lurretik altxatu eta izarrei begiratzeko gonbidapena eginez".
Istorioan, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore kezkatuta daude izarrak zerutik desagertu direlako, eta Birtxi farozainaren laguntzaz bidaia abiatuko dute urdin infinitura. Pertsonaia honek, Virginia Garcia Aranzadiko astronomoak inspiratua, unibertsoaren sekretuak erakutsiko dizkie. Taula gainean, Izaskun Forcadaren koreografiek eta Garikoitz Aranzabalen soinu efektuek lagunduko dituzte pailazoak.
Emanaldiaz gain, proiektuak osagai digital eta didaktikoa du. Familiek material osagarriak, abestiak eta Irrimarrak animatutako ipuina aurki ditzakete zerualapurtudute.aranzadi.eus webgunean.