Zabalik da Gazte Sortzaileak bekan izen emate epea

Jon Hidalgo 2026ko apirilaren 8a

Iazko edizioan saritutako kideak. Argazkia: Gasteizko Udala

Ekainaren 30era arte dago zabalik izena emateko aukera. Hautatutako proposamenek 4.000 eurorainoko bekak eta aholkularitza profesionala jaso ditzakete  

Zabalik dago Gazte Sortzaileak bekaren hamabigarren ediziora euskarazko kultur proiektuak aurkezteko epea. 16 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago ekimena, eta interesdunek ekainaren 30era arte izango dute izena emateko aukera.

Gasteizko Udalak, Euskara eta Gazteria Zerbitzuen bidez, eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, 20.000 euro bideratuko ditu deialdira. Hautatutako proiektuek 4.000 eurorainoko beka eta aholkularitza profesionala jasoko dute, eta sei hilabeteko epea izango dute sorkuntza prozesua garatzeko. Proiektuak osorik euskaraz egin beharko dira, ahozko adierazpena ardatz izanik.

Bi kategoria aurreikusi dira adinaren arabera: 16 eta 24 urte bitartekoentzat bat, eta 25 eta 35 urte bitartekoentzat bestea. Proiektuak banaka zein taldean aurkez daitezke, eta hainbat diziplinatakoak izan daitezke, hala nola antzerkia, musika, bertsolaritza edo ikus‑entzunezkoak. Formatu txikiko jarduerei emango zaie lehentasuna. Parte hartzeko, Gasteizen edo Arabako Lurralde Historikoan erroldatuta egon beharko da, eta adingabeek gurasoen edo legezko tutoreen baimena aurkeztu beharko dute. Udalaren webgunean eskegi dute beharrezko informazio guztia.

Bestalde, aurreko edizioko irabazleen aurkezpenak apirilaren 18tik aurrera egingo dira Arabako hiriburuko hainbat gunetan, eta irailera arte luzatuko dira. Azken edizioan 14 gaztek parte hartu zuten eta 11 proiektu aurkeztu zituzten guztira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago