Gasteizko Udalak, El Mono Habitado eta Pez Limbo konpainiekin batera, 150 Gramo jaialdiaren edizio berria antolatu du. Apirilaren 14tik 17ra bitartean izango da, eta hiriko hainbat saltokitan zazpi antzezlan eta dantza emanaldi bat eskainiko ditu. Saio laburrak izango dira, hamar eta 23 minutu artean, eta hiru ordutegitan banatuko dira arratsaldero: 18:00etan, 18:45ean eta 19:30ean.
Helburu nagusia tokiko merkataritza dinamizatzea eta hurbileko saltokien lana balioestea da. Maria Nanclares zinegotziak azaldu duenez, dendak arte eszenatoki bihurtzeak kultura herritarrengana hurbiltzen du eta, aldi berean, Gasteizko auzoetako saltokiak ezagutarazten ditu. Jaialdiak Eusko Jaurlaritzaren babesa du, merkataritza eta turismoa sustatzeko estrategiaren barruan.
Jaialdia asteartean hasiko da Origen dendan eskainiko den igogailuko elkarrizketa deserosoei buruzko antzezlan batekin -Ni arriba ni abajo- eta Perlasalut gunean ikusi ahalko den dantza emanaldi batekin -Frame-. Asteazkenean, berriz, teknologia eta adimen artifiziala izango dira hizpide Bodega J. Pérezen -Zazpi urte eta erdi- eta bi pailazoren arteko bizitza jolasa Bioalai denda ekologikoan -Algo muy tocho-. Osteguneko saioetan, publikoak garbitegi batean topo egiten duten bi ezezagunen istorioa ikusi ahal izango du Boucheruiten -Guardar la ropa-, baita aita-alaben arteko harreman toxiko eta konplexu bati buruzko lana ere Paul Paulina dendan -¿Me dejas darle el biberón?-.
Zikloa ostiralean amaituko da La Puri eta Nerimmoon saltokietan egingo diren bi hitzordurekin; bata galdu ditugun objektu eta pertsonei buruzko gogoeta izango da -La habitación de los objetos perdidos-, eta bestea, antzerkiari beldurra dion emakume baten istorio absurdoa -Miradas-. Emanaldi guztietarako sarrera doakoa izango da, lekuak bete arte.