Elena Odriozola ilustratzaileak jasoko du Zabaliburu saria

Anakoz Amenabar 2026ko apirilaren 7a

Elena Odriozola ilustratzailea omenduko du jaialdiak. Irudia: ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA

Apirilaren 13tik 23ra bitartean ospatuko dute liburu eta irakurketa jaialdia Zabalgana auzoan.

Zabaliburu liburu eta irakurketa jaialdiak Elena Odriozola ilustratzaileari emango dio sari nagusia. Aitortza honen bidez, antolatzaileek donostiarrak nazioartean egin duen ibilbide luze eta oparoa nabarmendu nahi dute. Saria bera ere artelana izango da: Leire Garcia-Fanguito zeramikariak, Blas Arratibel artisautza lehiaketako irabazleak, edizio honetarako sortutako eskultura berezia.

Aurtengo jaialdia, bosgarrena, apirilaren 13tik 23ra bitartean ospatuko da Zabalganean, Irakurmindu zaitez lelopean. Odriozolaren saria banatzeaz gain, programazio osoak "liburuekiko maitasuna" izango du ardatz, irakurzaletasuna sustatzeko eta hiriko zein kanpoko sortzaileak auzora hurbiltzeko. Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, ekimen honek funtsezko papera betetzen du liburuaren sektoreari laguntzeko eta kultur partaidetza indartzeko.

Programazioaren antolaketan, auzoaren inplikazioa nabarmendu du zinegotziak. Ikastetxeek, institutuak eta Zabaliburu kolektiboak elkarlanean jardun dute irakurketa maratoiak, olerki-xuxurlatzaileak eta erakusketak antolatzeko. Gainera, Karmele Jaio idazleak eta Helena Azkarraugarizar artistak ere parte hartuko dute, azken honek jaialdiko irudia diseinatu eta ilustrazio tailer bat eskainiz.

Jaialdiaren ekitaldi nagusietako bat apirilaren 18an izango da, gizarte etxearen kanpoaldean egingo den liburu azokarekin. Goiz osoan zehar, bost liburu dendak eta hainbat argitaletxek beren produktuak erakutsiko dituzte, eta lehen aldiz, autoargitalpenentzako tarte berezi bat egongo da. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago