Arabarron memoria

Azazetako sarraskiaren 89. urteurrenean memoria aldarrikatu dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko martxoaren 31

Ekitaldi instituzionala egin du goizean Gasteizko Udalak frankismoaren biktimak omentzeko. EH Bilduk, Podemosek, Ezker Anitzak, Berdeek eta Sumarrek ekitaldi bateratua egin dute 1937an hildako 16 lagun gogoratzeko.

Bi ekitaldietan gogoratu dute Gasteizen Azazetako sarraskiaren 89. urteurrena. Aitortza eta Oroitzapen Eguna bezala ezaugarritu du gaurko eguna Gasteizko Udalak, eta urtero lez frankismoaren biktimak omentzeko ekitaldi instituzionala egin du udalbatzak. Beatriz Artolazabal alkateordea eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia izan dira ekitaldi instituzionalaren buru.

Ekitaldiak "memoria kolektiboarekin eta konpromiso demokratikoarekin" lotuta duen balioa azpimarratu du alkateordeak. "Gure hirian frankismoaren biktima guztiak gogoratzeko eta aitortzeko eguna da gaurkoa; errepresioa, isiltasuna eta bidegabekeria jasan zutenak gogoratzeko eguna", adierazi du.

Baterako ekitaldi politikoa

Eguerdian, berriz, baterako ekitaldi politikoa egin dute EH Bilduk, Podemos Euskadik, Ezker Anitza-IUk, Berdeek eta Sumar Mugimenduak, Santa Barbara plazan. 1937ko martxoaren 31ko goizaldean frankistek hil zituzten lagunak gogoratu dituzten bertan. "Araba aurrerakoi, abertzale, errepublikarra eta ezkertiarreko 16 pertsona esanguratsu atera zituzten Bakearen kaleko kartzelatik Azazetako portura eramateko. Bertan hil eta lurperatu zituzten" gogoratu dute. Horien artean Teodoro Gonzalez de Zarate zegoen, Gasteizko alkatea.

Espainiako estatuan, 1936an bezala, herentzia frankistako botere faktikoek estatua demokratizatzeko edozein aukerari atea itxi nahi dutela salatu dute alderdiek. "78ko erregimena sendotu, frankismoaren zigorgabetasuna berriro bermatu eta, 36an bezala, pertsonen eta herrien askatasunaren defentsari atea itxi nahi diote", esan dute.

Bost alderdiek oraindik ere badirauen zigorgabetasuna salatu dute, eta, aldi berean, egia, justizia eta erreparazioa eskatu dituzte biktima guztientzat. Horrez gain, justizia sozialarekin, zerbitzu publikoen defentsarekin eta "Araba berdinzaleago" baten aldeko borrokarekin duten konpromisoa berretsi dute. 

Argazkiak: Gasteizko Udala, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago