Gasteizko taxilariek ezezkoa eman diote larunbat eta jai bezpera gauetan lan egiteari

Jon Hidalgo 2026ko martxoaren 31

Taxiak bezeroen zain Gasteizen. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Gaueko gutxieneko zerbitzuen aurka agertu dira taxilariak, eta baita lizentzia kopurua handitzearen aurka ere. Udalak herritarren beharrak lehenetsi beharra aldarrikatu du, betiere taxilariekin "elkarrizketan eta konfiantzan" oinarrituta.

Taxilariek gehiengoz baztertu dute Gasteizko Udalak sektorearekin adostu nahi zuen taxi ordenantza berria. Astelehenean egindako Alatax elkartearen batzarrean 53 boto alde, 87 kontra eta 15 abstentzio izan ziren. Eztabaidaren muina bi puntutan dago, gaueko zerbitzu minimoak ezartzea eta lizentzia kopurua handitzea.

Udalaren proposamenak ezartzen zuen gutxienez 50 taxi egon behar zirela larunbat gauetan eta jai bezperetan, 00:00etatik 08:00etara. Gainera, maiatzetik irailera igande arratsaldeetan 35 taxi egon beharko lirateke zerbitzuan. Neurri horiek eragin dute kontrakotasun handiena, taxilarien arabera eragin handia dutelako lan antolaketan eta baldintzetan.

Bestalde, udalak hogei lizentzia gehiago sortu nahi ditu bi urteko epean, egungo 194tik 224ra igaroz, hiriko eskaera gero eta handiagoari erantzuteko. Proposamen horrek ere kontrako jarrera irmoa eragin du sektorean. Bide batez, taxiak eskatzeko aplikazio mugikor bat garatzea ere blokeatzen dute, 2023an ere taxilariek beraiek atzera bota zutena.

Udala konfiantza eraiki nahian

Udalak, Espazio Publikoko zinegotzi Beatriz Artolazabalen bidez, adierazi du lehentasuna dela gertatutakoa ulertzea eta sektorearekin zuzenean hitz egitea. Astearte honetan bilduko da Alatax eta Radio Taxi elkarteekin, erabakiaren arrazoiak ezagutzeko. Udalaren arabera, baztertutako puntuak dira, hain zuzen, herritarren kezka nagusiak: larunbat gauetan eta jai bezperetan taxi bat aurkitzea zaila dela, eta zerbitzuaren eskasia bera.

Gobernu taldeak gaineratu du ordenantza berria "elkarrizketan eta konfiantzan" oinarritutako prozesu baten emaitza dela, eta sektorearen proposamenak ere jaso dituela, tartean lan baldintzen hobekuntzak. Hala ere, oposizioaren babesa behar du araudia aurrera ateratzeko, eta sektorearen zatiketak zaildu dezake bide hori.

Udalak argi utzi du ez duela amore emango: "Hiriak benetako arazoa du eta konponbidea behar du", esan du Artolazabalek. Zerbitzu publiko baten aurrean, herritarren beharrak lehenesteko konpromisoa berretsi du, eta alderdi politikoekin batera irtenbideak bilatzen jarraituko duela adierazi.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago