indarkeria matxista

28 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen sexu erasoa leporatuta

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko martxoaren 30a

Eraso matxisten kontrako elkarretaratzea Gasteizen. Argazkia: ALEA

Larunbatean jazo zen erasoa. Gizonak baimenik gabe ukituak egin zizkiola salatu zuen emakume batek.

28 urteko gizon bat atxilotu du Gasteizko udaltzaingoak larunbat honetan, emakume bati bere baimenik gabe ukituak egiteagatik sexu erasoa delitua leporatuta. Iragan larunbat goizean  gertatu zen erasoa, 07:00ak baino pixka bat lehenago. Poliziaren patruila bati abisua eman zioten ordu horretan Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalera joateko. Jakinarazi zietenez, gazte bat lurrean zegoen botata, eta antza, konorterik gabe.

Udaltzainak bertaratu zirenean emakume bat lurrean ikusi zuten gizon batekin, eta inguruan hainbat pertsona laguntzen ari zitzaizkion. Emakumeak adierazi zuenez, gizona aurretik ezagutzen zuen eta gau horretan bere baimenik gabe ukituak egin zizkion.

Genero indarkeriagatik atxilotua

Igandean goizaldean, berriz, 34 urteko beste gizon bat atxilotu du udaltzaingoak bikotekide ohiarengandik zuen babes agindua urratzeagatik eta emakumea erasotzeagatik. Kasu honetan  biktimak berak deitu zuen 092 telefonora salatzeko bere bikotekide ohia etxebizitzan sartu zela eta eraso egin ziola.

Abisua jaso bezain laster poliziak bertaratu ziren etxebizitzara eta biktimarekin hitz egin zuten. Emakumeak lesioak zituen eta horregatik osasun zentro batean artatua izan behar izan zuten. Poliziek gizonezkoa identifikatu zuten, eta emakumearengana hurbiltzeko eta harekin harremanetan jartzeko debekua indarrean zuela berretsi ondoren gizona atxilotu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago