Nazioarteko gatazkak aztertuko dituzte Fokuan jardunaldietan

Anakoz Amenabar 2026ko martxoaren 30a

'Zubia' erakusketa aurkeztuko du Javi Julio argazkilariak. Argazkia: JAVI JULIO

Ekialde Hurbileko krisia, Gazako sarraskia eta muga errealitateak aztergai hitzaldi, erakusketa eta zineforum batekin.

Fokuan jardunaldien zazpigarren edizioa hartuko du Gasteizek apirilaren 13tik 23ra bitartean, Zauritutako munduan irautea izenburupean. Egungo nazioarteko gatazka nagusien inguruan hausnartzeko helburua du zikloak, herritarrei munduko errealitate konplexuak hurbiltzeko asmoz. Europa jauregia eta Florida zinemak izango dira saio nagusien eszenatoki.

Ekitaldiak arreta berezia jarriko du Ekialde Hurbileko krisian, bereziki Gaza, Libano, Siria edo Kurdistango egoeran. Ana Lopez de Uralde zinegotziak azaldu duenez, jardunaldi hauek elkarrizketarako eta sentsibilizaziorako espazioak sortu nahi dituzte, giza eskubideen defentsan gizarte zibilak duen garrantzia nabarmenduz.

Programazioa apirilaren 13an hasiko da Javi Julio argazkilariaren Zubia erakusketarekin Andre Maria Zuriaren plazan, Bidasoako mugako migrazio ibilbidea ardatz duela. Hurrengo egunetan, besteak beste, Aitor Zabalgogeazkoak (Mugarik Gabeko Medikuak), Ignacio Alvarez Ossoriok eta Ane Irazabal kazetariak parte hartuko dute. Saio horietan, Gazaren etorkizuna eta Europak gatazka hauen aurrean duen jarrera aztertuko dituzte, baita Ekialde Hurbileko emakumeen borrokak ere, Razan Malash, Ryma Sheermohammadi eta Nuria Tesonen eskutik.

Hitzaldiez gain, ikus-entzunezkoek ere izango dute lekua programan. Apirilaren 16an, Faisaien Irla filmaren inguruko zineforuma egingo da Florida zinemetan, mugen errealitatean sakontzeko. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago