Harrera bulego berria aurkeztu dute Gasteizko Alde Zaharrean

Anakoz Amenabar 2026ko martxoaren 25a

Eskola kaleko 11. zenbakian inauguratu dute Harrera bulegoa. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Iritsi berri diren immigranteei errolda, osasuna, hezkuntza edota enplegua bezalako gaien inguruko oinarrizko informazioa eskainiko die.

Harrera bulego berria du Gasteizek, Eskola kaleko 11. zenbakian, hirira iristen diren pertsonei ongietorria eta orientazioa emateko helburuarekin. Proiektu hau Udal Gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordioari esker abiatu da, Egoiliar Afroamerikarren Elkartearen laguntzarekin batera. Gaurko aurkezpenean Pascual Borja eta Alberto Porras zinegotziek, Filomena Abrantes elkarteko ordezkariarekin batera, zerbitzuak integraziorako duen garrantzia azpimarratu dute.

Bizilagun berriei lehen urratsetan laguntzea da bulegoaren eginkizun nagusia; errolda, osasuna, hezkuntza edota enplegua bezalako gaien inguruko oinarrizko informazioa eskaintzea. Pascual Borjak azaldu duenez, gune honen helburua pertsona guztiek hiriaz "berdintasun baldintzetan" gozatzea da, desberdintasunak gatazka iturri izan beharrean aberastasun sozial bihur daitezen. Bulegoak ez ditu izapideak zuzenean egingo, baina erabiltzaileak dagokien zerbitzuetara bideratuko ditu.

Bere aldetik, Alberto Porras EH Bilduko zinegotziak nabarmendu du Gasteiz "harrera hiri" gisa eraiki behar dela politika errealen bidez. Hori dela eta, bulegoarekin batera hainbat hizkuntzatara itzulitako gidaliburu bat aurkeztu dute, iritsi berriei auzoetako jarduera komunitarioan sartzen laguntzeko. 

Zerbitzu berriak prestakuntza ere izango du ardatz, eta jasotako eskaeren arabera taldekako informazio saioak eta gaztelania zein euskara hastapen ikastaroak antolatuko ditu. Harrera bulegoa astelehenetik ostiralera egongo da zabalik goizez (09:00-14:00), eta astearte zein ostegunetan arratsaldez ere bai (16:00-18:00). Ez da beharrezkoa izango aldez aurretik hitzordua eskatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago