Paul Laverty gidoilaria sarituko du Martxoak 3 elkarteak

Anakoz Amenabar 2026ko martxoaren 24a

Paul Laverty gidoilaria, Donostiako Zinemaldian. Argazkia: M.CASTILLO/ ZINEMALDIA

Apirilaren 13tik 16ra antolatutako Langilearen Inguruko Zinema Astearen amaiera ekitaldian jasoko du saria.

Paul Laverty gidoilari eskoziarrak omenaldi berezia jasoko du Gasteizen, Martxoak 3 elkarteak antolatutako Langilearen Inguruko Zinema Astearen barruan. Ken Loach eta Iciar Bollainen ohiko kolaboratzaileak saria jasoko du "zineman langile klasearen defentsan" egindako ibilbide konprometituagatik. Ekitaldi nagusia apirilaren 16an izango da Arkabia kulturgunean, eta 1976ko sarraskiaren biktimen senideek emango diote aitortza.

Omenaldiaren egunean, Lavertyk solasaldi batean parte hartuko du Bertha Gaztelumendi zinemagilearekin, eta ondoren gidoilariak idatzitako The Old Oak (Haritz zaharra) filma proiektatuko dute. Ekitaldi honen bidez, zinemagintzak gizartearen eraldaketan eta eskubideen defentsan duen indarra nabarmendu nahi dute. 

Zinema astea apirilaren 13an hasiko da eta lau egunetan zehar nazioarteko zein euskal ekoizpenak eskainiko ditu, tartean Estibaliz Urresolaren edo Irati Gorostidiren lanak. Programazioak langile borroken ikuspegi garaikidea eskainiko du, arreta berezia jarriz ikuspegi feministari eta periferietako emakume langileen esplotazioari. Proiekzio bakoitzaren ostean, adituekin eta zuzendariekin solasaldiak egongo dira.

Saio guztietarako sarrera doakoa da, baina beharrezkoa da gonbidapenak online eskuratzea Arkabiaren webgunean edo kulturgunean bertan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago