Datorren larunbatean, martxoaren 28an, Gasteizko kaleak eta plazak dantzaz jantziko dira 36. Arabako eskolarteko euskal dantza topaketarekin. Arabako Dantzarien Biltzarrak antolatutako ekitaldi honetan, 5 eta 15 urte bitarteko 200 dantzari gaztek hartuko dute parte; guztira zazpi taldek erakutsiko dute beren trebezia, horietatik bost Arabakoak dira, eta Portugaleteko Berriztasuna taldea izango da gonbidatu berezia.
Eguna goizean goiz hasiko da Adurtza auzoan, 11:00etatik aurrera egingo den kalejira eta emanaldiekin. Ekitaldi nagusia, ordea, 17:30ean izango da Andre Maria Zuriaren plazan, talde guztiek elkarrekin dantzan. Eguraldi txarra eginez gero, antolatzaileek ordezko guneak prestatu dituzte: goizean Adurtza ikastolako aterpean eta arratsaldean Errota eskolakoan.
Arabako Dantzarien Biltzarrak herritar guztiak deitu ditu ikuskizunaz gozatzera eta, bide batez, hiriko txikienak dantza taldeetan parte hartzera animatu nahi ditu.