Txagorritxuko sukaldean Arabako ESIko zuzendaritzak aurreikusi dituen bost langileen kaleratzeak "kalte larriak" ekarriko dituela ohartarazi dute zerbitzuko langileek, eta mobilizazioak hasi dituzte kaleratze horiek salatzeko. Enpresa batzordeak adierazi duenez, langileek "kezkaz bizi dute lanpostu galera hori", bost lanpostu galtzeak "zerbitzuaren kalitatean eta osasungarritasunean kalteak eragingo dituelako".
Lanpostu horiek ez direla egiturazkoak argudiatu du Osakidetzako zuzendaritzak langileak kaleratzeko. Enpresa batzordeak, ostera, beste iritzi bat du: "Egoera hau urteetan zehar behin behinekotasunaz egin den abusuaren ondorioz sortu da, sukaldea ospitalearen funtzionamendu egokirako ezinbesteko zerbitzua eta erabiltzaileen ongizaterako erabakigarria denean".
Azaldu dutenez, Santiago eta Txagorritxu berrantolatu aurretik, Txagorritxuko sukaldean 300 dieta mota desberdin prestatzen ziren, erabiltzaileen beharren arabera. Bost pertsona gehiago kontratatu ziren berrantolaketak ekarri zuen eguneroko 150 dieta gehiagoko hazkundeari aurre egiteko, eta gaur egun 450 dieta egiten dira guztira egunero. "Logika kontua da: denbora luze honetan guztian bost operario horien lana beharrezkoa izan bada eta eguneroko dieta kopurua gutxitu ez bada, bost pertsona horiek ezinbestekoak izaten jarraituko dute"
Gutxieneko zerbitzuetan bezala
Murrizketa egingo balitz, langileen arabera, sukaldeko plantilla greba egunetan egongo litzatekeen bezala geratuko da. "Onartezina da sukaldea bezalako zerbitzu batean gutxieneko zerbitzuak betikotzea", esan dute.
Gaineratu dutenez, murrizketak beste zerbitzuen funtzionamenduan ere eragina izango du, eta finean pazientearen segurtasunean. "Dieta horien banaketa atzeratuko da, eta, horrez gain, garbiketan eta desinfekzioan ere ondorioak izango ditu, bai sukaldeko tresnerian, bai dietak solairuetara eramateko erabiltzen diren aparatuetan", azpimarratu dute.