Baskoniak ofizialki iragarri du Hapoel IBI Tel Aviv eta Maccabi Rapyd Tel Aviv talde israeldarren aurkako neurketak **ateak itxita** izango dira Buesa Arenan, martxoaren 27 eta apirilaren 7an, hurrenez hurren. Erabakia "egungo testuinguruaren ondorioz" hartu duela adierazi du klubak, eta ez du zehaztu segurtasun arrazoiekin edo bestelako faktoreekin lotutako xehetasunik.
Klubak abonatuei jakinarazi die, 34. eta 36 jardunaldietara joan ezingo direnez, bi partida hauen balioa automatikoki deskontatuko zaiela 2026-2027 denboraldiko abonua berritzean.
"Genozidioaren irudi garbiketa"
Azken asteetan, Palestinarekin Elkartasuna plataformak mobilizazioak eta boikoterako deiak antolatu ditu Gasteizen, Israelgo taldeak Gasteizen jokatzearen aurka. Plataformak salatu du talde horiek "estatu genozidaren irudi garbiketan" parte hartzen dutela, eta kirola ezin dela politikatik bereizi.
Hain zuzen, martxoaren 27rako, Hapoel-Baskonia partida jokatzen den egunean eta Korrika Gasteiztik igarotzen denean, manifestazioa deitu dute, 18:30ean Iparralde gizarte etxetik abiatuta. Antolatzaileek gogorarazi dute iaz ere kaleak hartu zituztela Maccabiren aurkako partida bertan behera uzteko eskatzeko.
Plataformaren arabera, Israelgo taldeetako zuzendaritza eta jokalariak "estatu genozidaren enbaxadore" dira, eta nazioarteko txapelketetan parte hartzea "kolonizazioaren normalizazio" estrategia baten parte da. Horregatik, Euroliga, instituzio publikoak eta Baskonia bera interpelatu dituzte neurriak har ditzaten.