Zurrunbilo jaialdiaren 11. edizioa martxoaren 26tik 29ra bitartean iritsiko da Gasteizera, euskarazko arte eszeniko garaikideak erdigunean jartzera. Parasite kolektiboak antolatuta, Baratza aretoa eta Izaskun Arrue Kulturgunea izango dira egoitza nagusiak. Aurtengo programazioak helburu argia du: publiko berriengana hurbiltzea eta tokiko zein lurralde arteko lankidetza sarea indartzea.
Jaialdiaren ezaugarri nagusia esperimentazioa da, eta eskainiko diren pieza guztiak 30 minutu baino gutxiagoko lan laburrak izango dira. Gorputza, ahotsa eta jolasa erabiliz, sortzaileek egungo munduaren konplexutasuna, identitatea eta ziurgabetasuna aztertuko dituzte. Gai sakonak jorratuko dira; subjektibotasunaren mugak edo errealitateari aurre egiteko modu anitzak, betiere hizkuntza eszeniko berritzaile eta ausart baten bitartez.
Egitaraua hurrengo ostegunean hasiko da IAK-n, Euskaraz eta eszenaz etxeko zapatiletan mahai inguruarekin eta Esanezin zein Postal Kolekzionistak taldeen kontzertuekin. Korrikak ostiralean Gasteiz zeharkatuko duenez, jaialdia larunbatean eta igandean itzuliko da Baratza aretora. Bertan, Aitor Vinagret, Idoia Tapia, Aitzol Iraola eta Les Bobé Bobé taldearen proposamenak ikusi ahal izango dira, gerrako umeen jolasetatik hasi eta buru nahasmenduak aztertzen dituzten piezetaraino.
Sarrerak salgai daude jada, eta lau ikuskizunak ikusteko 16 euroko bonu berezi bat ere prestatu dute. Gainera, jaialdiak "sarrera soziala" eskainiko du, inor ekonomia arrazoiengatik kanpo geratu ez dadin.