Lehen atxiloketa eguerdian izan zen. Poliziek 52 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekide ohiari arma zuri batekin heriotza mehatxuak egitea egotzita. Biktimak berak eman zion abisua Udaltzaingoari, gizona beldurtzen ari zela salatu ondoren. Patruila batek Konstituzio plazaren parean aurkitu zuen gizon susmagarria, alde egiten saiatzen ari zenean.
Biktimaren esanetan, minutu batzuk lehenago gizona bere lantokira joan zen, harremana berriz hasteko konbentzitzen saiatzeko. Emakumeak uko egin zionez, gizonak eraikinaren atariraino jarraitu zion eta eraso egin zion. Ondoren, emakumea berriro kalera atera zenean, ustezko erasotzailea haren zain zegoen, eta irainka eta heriotza mehatxuka hasi zitzaion atzetik jarraitzen zion bitartean.
Bigarren atxiloketa arratsaldean izan zen, Zabalgana auzoko ostalaritza establezimendu batean. Kasu honetan, 53 urteko gizon bat atxilotu zuten, mehatxu larriak egitea egotzita. Salaketa jarri zuen emakumeak udaltzainei adierazi zien bikotearen aldetik heriotza mehatxuak jasaten ari zela eta indarkeria matxistarekin lotutako hainbat eraso. Gertakarien larritasuna ikusita, poliziak gizona atxilotu zuen.
Hirugarren atxiloketa Posta kalean gertatu zen. 64 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekideari mehatxu larriak egitea egotzita. Emakume eta gizon baten artean eztabaida handia zegoela ohartarazi zioten poliziari, eta bertaratu zirenean aditu zuten gizona oihuka eta irainka ari zitzaiola emakumeari, eta, halako batean, kristalezko botila bat hartu eta altxatu egin zuen, mehatxuka, kolpatzeko asmoz.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.