Aritz Ibarrak deklarazioa eman du Gasteizko epaitegian, urriaren 12ko Falangearen bisitaren harira. Egun hartan lanean aritutako ertzainei deklarazioa hartu ostean, bera izan da antifaxisten aldetik deklaratu duen lehen pertsona. Auzi ezberdinak batu dira epaitegian, salatzaile eta salatu bezala baitago Ibarra auzi honetan. Falangearen presentzia Euskal Herrian onartezina dela argudiatuta, Ibarrak onartu du egun hartan "falangistei aurre egitera" atera zela etxetik, baina Ertzaintzak esandako hainbat gauza gezurra direla dio.
Delitu ugari egozten dizkiote Ibarrari, urrriaren 12ko istiluekin lotuta. Desordena publikoa, liskar jendetsua, agintaritzaren aurkako atentatua eta ekitaldi politiko bat oztopatu izana, besteak beste. Baina Ibarrak Ertzaintzaren aurka ere jarri zuen salaketa, urriaren 12an sortu zizkioten kalteengatik, matrailezurra apurtu izana, esaterako.
Urriaren 15ean jarri zuen salaketa Ibarrak ertzainen aurka, baina ordutik geldirik egon da auzia, bere esanetan, duela astebete jakinarazi zioten arte salaketa berriz abian jarri zela, eta istiluen prozesu nagusiarekin elkartu zutela. Bi salaketak aurrez aurre daude, beraz, orain auzitegian. Falangeko bi kidek ere salaketa jarria dute, eraso egin zietela argudiatuz.
"Hasieratik esan dut egia"
Ibarrak dio salaketa egin zuen momentutik berak onartu zuela bere parte hartzea zein izan zen, baina ertzainei leporatu die bere ekintzak "desitxuratu" nahian aritzea. "Nik aitortu dut egindako guztia, ez dezatela kontua gehiago nahasi". Aitortu du Falangeko kideekin borrokan aritu zela, baina Ertzaintzaren adierazpen asko gezurtatu egin ditu. Harriak bota zituela, edo ertzainen aurka oldartu zela, gezurra da, Ibarraren esanetan. "Nik ez nuen harririk bota. Kamera asko zeuden egun hartan, ikusi ditzatela eta gauzak argitu".
Atestatuan agertzen da Ibarra harriak botatzen aritu zela, eta bera izan zela antolatzaile nagusietako bat. Ertzain batzuek ere adierazi dute Ibarra bera "argi eta garbi" ikusi zutela istiluetan parte hartzen. Zalantzan jarri du Ibarrak bertsio hori, esanez Ertzaintzak ez zuela jakin berak parte hartu zuenik, Ibarrak berak publikoki aitortu zuen arte bere parte hartzea, salaketa jartzeko momentuan. "Haiek dena kolokan jartzen saiatu dira. Nik jasotako kolpea zalantzan jartzeko, eta nik egindakoa magnifikatu nahian".
"Ni zintzoa izan naiz hasieratik, esan dut egin dudana eta egin ez dudana". Lasai dagoela dio, "irudiak badaudelako, eta ebidenteak direlako. Nik frogatu ahal izango dut egia esaten dudala, hasieratik esan dudala. Nik behintzat zortea izan dut, beste asko kolpatu dituzte baina ezin izan dute frogatu, irudirik ez zegoelako".
"Falangisten aurka, ez Ertzaintzaren aurka"
"Borrokan parte hartu nuen; falangisten aurka, ez Ertzaintzaren aurka". Atestatuan, baina, argudiatu dute Ertzaintza "erailtzeko" asmoa zutela istiluetan aritutakoek. "Intención evidente de causar la muerte" dago idatzita, eta bizitza berehalako arriskuan sumatu zutela. Ibarrak ukatu egin ditu akusaziook.
Hiritar soilak jotzeko asmoarekin zihoazela dio atestatuak; hala adierazi zuen bere garaian Pradales lehendakariak ere. "Gu kaletik edozein pertsona jotzen joango bagina bezala", kexu da Ibarra. Gogorarazi du falangistak izan zirela kalean jendea jotzen aritu zirenak, eta haietako inor atxilotu ez izana kritikatu die ertzainei. "Eduki dituzu tipo [falangista] horiek hor, haiek defendatzera sartu zara, guree kontra... falangistei bostekoa ematea bakarrik falta izan zitzaien ertzainei, konplizitatea erabatekoa zen".
Metalezko makilak eraman eta erabiltzea leporatu diete antifaxistei epaitegian. Hori ere ukatu du Ibarrak. "Makil horiek inork ez ditu ikusi, ez dira agertu, ez dira existitzen. Non daude makil horiek? Guri ez zizkiguten aurkitu". Makilak Falangekoek zeramatzatela ohartarazi du, hainbat iruditan ikus daitekeen bezala, "baina haiek ez zituzten miatu, ez atxilotu, ez ezer".