Gasteizko Udalak eta taxiaren sektoreak aurreakordioa lortu dute hiriko taxi zerbitzua arautuko duen ordenantza berriari buruz. Udalak gaur ziurtatu du urtebete baino gehiagoz egindako lanaren ondoren iritsi dela akordioa. Dioenez, helburu nagusia da gaueko eta eskari handieneko uneetan "taxien erabilgarritasuna hobetzea".
Hala, gaueko gutxieneko zerbitzuak zehaztu dituzte: larunbat gauetan eta jaiegun bezperetan —Gabon gauean, Gabon zahar gauean eta abuztuan izan ezik—, gutxienez 50 taxi egongo dira zerbitzuan. Bestetik, maiatzetik urrira bitarteko igandeetan, 13:00etatik 19:00etara, gutxienez 35 taxi eskuragarri egongo dira.
Horrez gain, udalak iragarri du datozen bi urteetan 20 taxi lizentzia berri emango dituela —orain 194 lizentzia daude, tartean egokitutako 22 taxi daudelarik—, eta horietatik gutxienez lau mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egon beharko dira. Gutxienez egokitutako bi taxi egongo dira beti guardian.
Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak argudiatu du ordenantza gaurkotzeko garaia zela. "Hiria asko aldatu da urte hauetan: biztanle gehiago, auzo berriak eta hiri zabalagoa ditugu. Hala ere, taxien kopurua ia berdin mantendu da", azaldu du.