Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI-CEA) ingurumen kudeaketako eta klima-ekintzako goi mailako teknikariak (TSAE) kontratatzeko lan poltsa berri bat ireki du. Horretan ingeleseko B2 maila izatea ezinbesteko baldintza gisa ezarri duen bitartean, euskararen ezagutza ez da derrigorrezkoa izango, eta hautagaiek ez dute nahitaezko hizkuntza eskakizunik egiaztatu beharko postuan jardun ahal izateko.
Ingeleseko B2 mailarik gabeko hautagaiak prozesutik kanpo geratuko dira zuzenean. Euskara, ordea, meritu moduan baino ez dute baloratuko: nahiz eta 3. hizkuntza eskakizuna (C1) edo 4.a (C2) izateak puntuazio altua eman dezakeen —11 eta 14 puntu, hurrenez hurren—, euskara ez jakitea ez da oztopo izango A1 mailako lanpostu publiko bat eskuratzeko. Kasu honetan, IGIk fundraising edo Europako funtsen bilaketa bezalako zereginak nabarmendu ditu ingelesaren eskakizuna arrazoitzeko.
Hautagaiek, ingelesaz gain, diziplina tekniko edo zientifikoetako unibertsitate titulua aurkeztu beharko dute, hala nola Biologia, Geologia edo Ingeniaritzako graduak. Baldintza horiek beteta, proba teoriko-praktiko bat gainditu beharko dute, eta ondoren euskara zein beste hizkuntza batzuen ezagutza baloratuko dute.