Gasteizen ekoiztuko den luxuzko furgoneta elektriko berria aurkeztu du Mercedesek

Jon Hidalgo 2026ko martxoaren 11

Gasteizen, Alemanian eta Polonian ekoiztuko da Mercedes-Benz VLE berria. Argazkia: Mercedes-Benz.

Stuttgarten iragarri dute Mercedesen etorkizuneko belaunaldi elektrikoaren lehen ibilgailua. Etxebarria alkateak eskerrak eman dizkio enpresari, eta Gasteizko lantegiaren etorkizuna bermatuta dagoela adierazi du.

Mercedes Benzen Gasteizko plantak jauzia eman du luxuzko furgonetan elektriko berria aurkeztuta. Stuttgarten iragarri dute, eta "aro berri baten hasiera" markatu du lantegiarentzat. Izan ere, modelo hau izango da etorkizuneko belaunaldi elektrikoaren lehenetako bat, eta Gasteizko fabrikak bere historian jaso duen inbertsiorik handienetako baten emaitza da. Guztira 1.000 milioi euro instalazioak handitu eta egokitzeko.

Aurten hasiko da Gasteizen muntatzen furgoneta berria, eta apirilaren amaieran merkaturatuko da. Auto berria gaur egun ekoizten diren Viano Clase V eta Vito gamen ondoan integratuko da, eta 2026an 132.000 ibilgailu inguru ekoiztea aurreikusi da; horietatik 11.000 inguru furgoneta erabat elektrikoak izango dira. Gasteizko plantak 5.000 langile zuzen eta 35.000 zeharkako enplegu sortzen ditu, eta hemendik aurrera ibilgailu elektrikoak eta errekuntzakoak lerro malgu berean muntatzeko prestatzen ari da. Alemanian eta Polonian ere ekoiztuko dute aipatutako modelo berria.

Auto berriak jauzi nabarmena dakar Gasteizko lantegiak orain arte egin izan duenarekin alderatuta. Luxuzko monobolumen handi bat da, zazpi edo zortzi lagunentzako espazioarekin, eta autonomia elektriko handia izango du: 700 kilometro baino gehiago 800 voltetako teknologiari esker. Hamabost minutuko kargarekin 355 kilometro egiteko aukera eskaintzen du bateriak. 0tik 100era 6,5 segundotan igaro daitekeela iragarri dute; kanpoaldean diseinu aerodinamikoagoa du eta barrualdean "luxu maila handia" eskaintzen du hiru pantaila aurrealdean, eta atzeko espazio moldagarrian mahai tolesgarriak, USB C atakak, hozkailu txikia, 80 zentimetroko pantaila ateragarria eta 22 bozgorailu, soinu ingurakorra sortzeko.

Aro berria Mercedesen

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak albistea oso positiboki baloratu du, eta adierazi du luxua dela halako berrikuntza industrial bat jasotzea Gasteizen. Bere esanetan modelo berriak bermatzen du hiriburuko lantegiaren etorkizuna. Alkateak zorionak eman dizkie multinazionaleko arduradunei mundu mailako aurkezpenagatik, eta baita eskerrak ere, berrikuntza automobilistikoaren puntan dagoen ibilgailu hau Gasteizen fabrikatzea aukeratzeagatik.

Mercedesek berak adierazi du furgoneta honek aro berri bat irekitzen duela Gasteizko plantan, eta etorkizuneko gama elektrikoaren zutabeetako bat izango dela. Enpresaren esanetan, modelo honek erakusten du lantegiak goi mailako ibilgailu elektrikoak ekoizteko duen gaitasuna, eta bere posizio estrategikoa sendotzen du taldearen barruan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago