Gasteizko zenbait ikastetxetako familia elkartek tuperradak antolatu dituzte, EAEko ikastetxe publikoetako jantokietan deitutako grebaren harira egungo eskola jantokien eredua eraldatzeko beharra ikusarazten jarraitzeko. Gasteizko Eskolen Sukaldeak plataformaren barruan dauden familiek sustatu dituzte mobilizazioak.
Antolatzaileen esanetan, ekimenak elkargune komunitario gisa planteatu dira. Familiek etxetik eramango duten janaria partekatuko dute, eta aldi berean herritarrak informatu eta sentsibilizatu nahi dituzte eskola jantokien eredu berria beharrezkoa dela azalduz.
Hilaren 11n, Salburua, Errekabarri eta Arantzabela ikastetxeetako familiek egingo dituzte tuperradak, eta San Martin HLHIko hezkuntza komunitateak lapiko-jotzea antolatu du. Hilaren 12an, berriz, tupperradak egingo dituzte Ramon Bajo, Mariturri eta Aldaialde HLHI ikastetxeetan.
Begiraleei babesa
Antolatzaileen arabera, mobilizazioen helburua da jantokietako begiraleei babesa adieraztea eta haien lan baldintzak duintzeko aldarrikapenak indartzea. Familien ustez, eskola jantokien kalitatea hobetzeko ezinbestekoa da enplegu egonkorra, lanaldi egokiak, soldata bidezkoak eta ikasleei egunero laguntzen dieten langileen aitorpen profesionala bermatzea.
Jantokia osasuna da. Jantokia hezkuntza da. Jantokia komunitatea da lelopean egingo dira mobilizazioak, eta antolatzaileek azpimarratu dute eskola jantokia hezkuntza proiektuaren funtsezko zatia dela.
Sukalde propioen aldeko kanpaina
Gasteizko Eskolen Sukaldeak proposatzen duen eredua ikastetxeetan sukalde propioak ezartzea da, elikadura osasungarria, jasangarria eta kalitatezkoa bermatzeko. Horretarako, tokiko, sasoiko eta produktu ekologikoetan oinarritutako menuak defendatzen dituzte.
Hartara, mobilizazioetan sinadurak biltzen jarraituko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskaera formala aurkezteko. Eskaeraren bidez, egungo jantoki eredua berrikustea eta sistema publiko, garden, osasungarri eta parte hartzaile baterantz aurrera egitea eskatzen dute.