Sexu erasoak egotzita, bi pertsona atxilotu dituzte Gasteizen

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko martxoaren 9a

Udaltzaingoak hiru lagun atxilotu ditu Gasteizen asteburuan. Argazkia: ALEA

22 urteko gizon bat eta 35 urteko emakume bat atxilotu ditu Udaltzaingoak, emakumeei ukituak egiteagatik. Gainera, gizon bat atxilotu dute bikotekideari eraso egitea egotzita.

Udaltzaingoak bi pertsona atxilotu ditu igande honetan Gasteizen, sexu eraso bana egotzita. Atxiloketak goizaldean eta goizean gertatu ziren, ostalaritza establezimenduetan.

Lehenengo atxilotua 22 urteko gizonezko bat da. Igandean, 05:30 inguruan, larrialdietako 092 telefonora pertsona batek deitu zuen polizia joateko eskatuz, Herrandarren kaleko taberna batean borroka bat gertatzen ari zelako. Poliziak agertu zirenean, emakume bat gizon bat eusten saiatzen ari zela ikusi zuten. Emakumeak eta haren lagun batek azaldu zutenez, gizonak haien baimenik gabe ukituak egin zizkien genitaletan eta ipurmasailetan.

Bigarren atxilotua 35 urteko emakume bat da, eta Koroatzeko kaleko ostalaritza establezimendu batean atxilotu zuten. Kasu honetan ere 092 zenbakira egindako dei batean emakume batek salatu zuen ezagutzen zuen beste emakume batek ipurmasailak ukitu zizkiola bere baimenik gabe. Poliziak tokira iritsi zirenean biktimarekin eta bere bikotekidearekin hitz egin zuten eta salaketa berretsi zuten.

Lesioak bikotekideari

Bestalde, larunbat goizean 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuten indarkeria matxistagatik, bere bikotekideari lesioak eragitea egotzita. Emakumeak adierazi zuenez eztabaida izan zuen bere bikotekidearekin etxean, eta gizonak iraindu eta eraso egin zion. Azaldu zuenez, gainera, ez zen halako eraso bat gertatzen zen lehen aldia. Gizonarekin ere hitz egin zuten poliziek eta haren bertsioa entzun eta biktimak zituen lesioak ikusita, gizonezkoa atxilotzea erabaki zuten.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago