Gasteizko Alde Zaharreko auzokide talde batek salatu duenez, astelehen honetan Ertzaintzaren patruila batek Zakaria izeneko auzokidea atxilotu zuen Santo Domingo plazan, harira banatzen ari zela beste bizilagun batzuei. Atxiloketaren ostean, Euskal Autonomia Erkidegoko poliziak Polizia Nazionalaren esku utzi zuen.
Taldearen arabera, Zakariak kanporatze agindu bat zuen zain, hilabete honen amaieran ebatziko zena, eta horren harira, epaileak erabaki zuen martxoaren 3an Madrilgo Atzerritarren Barneratze Zentrora (CIE) bidaltzea, Espainiako Estatutik kanporatzeko aginduaren zain egon dadin bertan. Epaileak kontuan hartu ditu agindu hori eta aurretik hiriko poliziekin izandako bi istilu "larriagotzaile" gisa.

Fiskaltzak adierazi du Zakariak ez duela frogatu Gasteizen "arraigo nahikorik" duenik. Auzoko taldeak, ordea, hori gezurtatu du, eta gogorarazi du Zakaria auzoko bizitzaren parte hartzaile aktiboa dela. "Goian elkarteko kide aktiboa da, Landatxoko areto-futboleko jokalari federatua eta patxangeroa, EHUrekin egindako ikerketa-ekintza parte-hartzaile batean parte hartu du, Alde Zaharreko azken inauterietako momotxorroa izan da, auzoko neguko azken bi jaietan gaztainak erretzeko arduraduna izan da, eta baita Gasteiz Anitzak antolatutako jardunaldietan hizlarietako bat ere".
Auzokoen ustez, arraigo falta egozteko arrazoi bakarra da Zakariak ez duela erroldarik edo alokairu kontraturik bere izenean. Taldeak argi utzi du bere jarrera: "Zakaria libre behar dugu Gasteizko Alde Zaharrean! Eutsi Zaka!". Halaber, elkartasuna adierazteko eskutitzak bidaltzera animatu dute jendea, helbide honetara:
Zakariyae Houba
Av. de los Poblados, 51
Carabanchel, 28047 Madrid
