Gasteizko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa 12:30ean atera da San Anton plazatik, 'Beste mundu bat feminismotik. Frente a los sistemas de dominación: lucha y organización' lelopean. "Desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi" den testuinguru batean, borroka feministaren beharra aldarrikatu dute Euskal Herriko Mugimendu Feministak zabaldutako manifestuan.
Indarkeria matxistak eragindako azken biktimak gogoan izan dituzte, baina borroka internazionalista" ere aipatu dute. Hala, elkartasuna adierazi diete "munduko hamaika txokotan erresistentzian eta borrokan dabiltzan feministei", eta "sistema kapitalista 'zisheteropatriarkal', kolonial eta arrazista" kritikatu dute. Dioenez, "zapalduak are zapalduago" dira eginotan, eta boteretsuak, berriz, "are boteretsuagoak". Etxebizitza, lan baldintzak edota arrazakeria ere izan dute gogoan.
Bestetik, martxoaren 8az baliatu dira hilaren 17rako hainbat sindikatu eta taldek deitu duten greba orokorrerako deia egiteko eta martxoaren 21an izango den arrazakeriaren kontrako egunarekin bat egin dute ere. Hilaren 30ean izango den etxeko eta zaintza langileen egunarekin eta egun bat geroago izango den trans ikusgarritasunaren eguna ere gogoratu dute.
Ordu erdi lehenago atera da Andre Maria Zuriaren plazatik Itaiak deitutako beste manifestazio bat, 'Emakume langileok askatzeko, batu borrokara' lelotzat. Deitzaileek diote "zapalkuntzak bere horretan" dirauela, eta "faxismoaren eta matxismoaren zabalpenak" egoera hori okertu duela. "Lan baldintzen prekarizazioa, zaintza zerbitzuen pribatizazioa eta murrizketak, matxismoaren normalizazioa eta eskubideetan atzerapenak" kritikatu ditu Itaiak.