Nola lapurtu zuen Ezker Abertzaleak Martxoaren 3a?

Jon Hidalgo - Argazkiak: E. Anda/ALEA 2026ko martxoaren 6a

Nor aritu da M3aren memoria bizirik mantentzen, nor ez; nork baztertu du, nor izan da baztertua. Zer da gertakariak objetiboki gogoratzea, desitxuratu gabe?

Martxoak 3ko sarraskiaren 50. urteurrenaren harira hainbat eragilek adierazpenak egin dituzte, salatuz sektore batzuek M3aren memoria bereganatu egin dutela. Beste askoren artean, Gasteiz eta Arabako agintari nagusien hitzak jaso ditu El Correok, eta baita Gasteizko apezpikuarenak ere. Hiru igandez jarraian.

Maider Etxebarria alkateak adierazi du "independentismoa Martxoaren 3a bereganatzen" saiatu dela: "kolektibo batzuek memoria banpirizatu nahi dute". Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak ere antzeko adierazpenak egin ditu, esanez "injustizia oso sakona dela Ezker Abertzalea saiatu izana M3a bereganatzen". Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainak salatu du errelatoaren jabe bihurtu nahi duela M3ko biktimen elkarteak, "mundu abertzale muturrekoenaren kutsua emanez".

 

Adierazpen horietatik abiatuta, gertuagotik ezagutu nahi izan dugu nola joan den garatzen Martxoak 3aren memoria. Nor egon den eta nor ez den egon, egon ez direnak zergatik ez diren egon, eta zer esan nahi duen garaiko borroka ez desitxuratzeak.

 

Memoria eraikuntza soziala izaten da. Urteetan zehar joaten da osatzen, espazio publikoan. Estatuak 76an emandako bertsio ofizialak indarrean jarraitzen du oraindik, eta garaiko dokumentuek sekretupean, baina memoria eraikitzen joan da hamarkadaz hamarkada. 50 urte beranduago, inork ez du argazkitik kanpo gelditu nahi.

Nor egon da?

Hamarkada hauetan zehar biktimen elkarteak hainbatetan gaitzetsi izan du instituzioen utzikeria. Jon Martinez Larrea historialariak Berria egunkarian salatu du administrazioaren jarrera. "Urte askoan memoriaren borroka sindikatuen eta elkartearen esku egon da. Instituzioei dagokienez, isiltasuna egon da batez ere, edo errepresioa".

"Non egon dira sarraskia gertatu eta hurrengo 25 urteetan? Ez dira inon ere agertu."
Txema Ramirez de la Piscina

Txema Ramirez de la Piscina kazetariak ALEAri adierazi dio "injustuak eta ilogikoak" iruditzen zaizkiola agintarien adierazpenok. "Halakoak esaten dituzten pertsona eta erakundeak non egon dira sarraskia gertatu eta hurrengo 25 urteetan? Ez dira inon ere agertu. Azken urteetan agertu dira lore sortak ematera eta argazkietan ateratzera; manifestazioetan nik behintzat ez ditut ikusi".

Zergatik ez da egon, beraz, gizartearen sektore bat Martxoaren 3ko aldarrikapenetan? Jeni Prieto kazetaria oso aktibo ibili zen 1976ko grebalarien artean, eta M3a bahitu dutela salatu du El Correon. "Samintasun jasanezina da, martxoaren 3arekin sufritu egiten dut. Min ematen dit bahiketak, gezurrak, eta iruzurrak. Españolistok eskuzabaltasun osoz jokatu genuen, eta ez genuen protagonismoa borrokatu".

Antonio Rivera historialariak ere adierazi dio ALEAri sektore batzuek bereganatu egin dutela memoria. "Norbaitek bere egiten du oroimena, bere elementu partikular eta ideologikoak ematen dizkio, eta desitxuratu egiten du jatorrizko gertakaria izan zena, bere proposamenetara egokituz". Juan Mari Ollora EAJko politikariak ere gaitzetsi du El Correon, Ramiro Gonzalez alderdikidearen bidetik, ez zaiola gustatzen Ezker Abertzaleak nola bereganatu duen memoria, eta nola izan duen errelatoaren kontrola. Baina azaldu du "fisikaren lege zahar bat" dagoela, "gizartean eta politikan ere eragiten duena, eta lege horren arabera zu espazio batetatik joaten bazara, beti dago beste norbait espazio hori bete nahi duena".

Hutsunea sortu eta betetzeko prozesua zenbateraino izan da berezkoa, eta zenbat bortxazkoa? Ramirez de la Piscinaren esanetan "dekantazio prozesu naturala" izan da, batzuen parte hartze edo interes faltaren ondorioz gertatu dena. Baina Riverak kausa-ondorio argia ikusten du M3aren kasuan. "Sektore batzuk bereganatzen joan ahala, hartzen doan formarekin identifikatzen ez diren pertsonek utzi egiten dute". Riveraren antzeko argudioak eman ditu Ramiro Gonzalezek ere. "[Ezker Abertzalearen] kolonizazioak eragin du beren ideiekin ados ez zeudenak aldentzea".

ETA, abertzaletasuna eta frankismoarekin haustura

Sektore batzuk aldentzea eragin duten faktoreen bila, arrazoi ezberdinak topatu daitezke. Riverak dio Martxoak 3aren memoria nahastu egin zela ETAren aldeko aldarriekin, euskal preso politikoen aldekoekin, eta horrek uxatu zituela sektore batzuk, "batez ere 80ko hamarkadaren bigarren erditik aurrera". Jeni Prietok ere antzekoa adierazi zion El Correori: "Nazionalismoak [euskaldunak] desnaturalizatu egin zuen Martxoak 3a Gora ETArekin". Prietok gogoan du zein asanbladatan pentsatu zuen "fagozitatu" zituztela, eta gehiagotan berdina egitea leporatu dio Ezker Abertzaleari, "mugimendu feministarekin, ekologistarekin, NATOren aurkako asanbladarekin…".

ESK sindikatuko Ignacio Funesek gaitzetsi egin du M3aren lapurretari buruz azken asteetan zabaldu den errelatoa. Bera ez da inoiz Ezker Abertzaleko kidea izan, eta El Correon bertan nabarmendu zuen sindikatu anitzen lanari esker mantendu dela memoria. "Guk ere jende asko jartzen genuen urtero. Ezker Abertzalekoak beti egon izan dira, baina onartzen zuten M3ak ez zuela nazio auziarekin zerikusirik, hori ez zela protagonista. Eta ez diote beste inori aterik itxi. Egon ez direnak beren borondatez ez dira egon".

Riverak martxoaren 3a "euskaldundu" (vasquizatu) dela adierazi du, "gizartea ere euskaldundu den bezala", baina hori ez dela garaiko errealitatea isla; "euskarazko panfleto bat bilatzeko lupaz begiratu behar duzu; ez duzu aurkitzen". Antonio Riverak eta Ramirez de la Piscinak, biek nabarmendu dute Ezker Abertzalea ez dela bakarrik egon hamarkada hauetan, ezkerreko beste hainbat sektorek ere eutsi diotela Martxoak 3aren memoriari.

"Errelatoa errealitatera egokitu behar da, bestela memoria aldatzen ariko ginateke".
Maider Etxebarria

Trantsizioarekiko adostasun mailan egon daiteke M3ko memoriaren beste elementu gatazkatsu bat. Riverak "ezkerkerian" erortzea leporatzen die hamarkada hauetan memoria lantzen aritu direnei, abertzaleak izan ala ez; ez dutela nahikoa aitortu edo eskertu trantsizioan lortutako askatasuna eta sistema demokratikoa. "M3aren ezaugarri erradikalenei heltzen diete, 1976tik baldintza soziopolitikoak aldatu izan ez balira bezala; karnabal grotesko bat da". Argudiatu du horrek ere urruntzea ekarri duela, "jendeak ez du onartzen urteroko omenaldian esatea hemen ez dela ezer aldatu, gezurra delako".

Memoria deserosoa

Martxoaren 3ko memoria gidatu dutenek haustura handiagoa aldarrikatzen jarraitu dute, bai Espainiaren herentzia frankistarekin, eta baita kapitalismoarekin ere. Bat datoz horretan Ramirez de la Piscina eta Rivera. Berriari emandako elkarrizketa batean, Martxoak 3 elkarteko Nerea Martinezek harro aldarrikatzen du jatorriko grina mantendu izana: "Langile borrokaren aldarriak mantendu ditugu. Egungo borroka sozialekin bat egitea, horixe da gure bidea, eta hor jarraituko dugu".

Maider Etxebarria alkateak, baina, adierazi du garaiko langile askok ez dutela bat egiten irakurketa horrekin. "Ezin duzue imajinatu zenbat jendek idatzi didan mugikorrera, e-mailera, esateko haiek ez dutela sentitzen gaur egun Martxoaren 3ko omenaldi askotan egiten dena; hor ez dute ikusten haiek bizi izandakoa". Nola jaso daiteke zuzen garai hartan gertatutakoaren memoria? Errelatoa benetan "errealitateari egokitua" izatearen garrantzia azpimarratu du Etxebarria alkateak El Correon, "bestela memoria aldatzen ariko ginateke".

Martinez Larrea historialariak adierazi du, ALEAn egin zaion elkarrizketan, Martxoak 3aren memoria "deserosoa" izan dela askorentzat, "zalantzan jartzen duelako trantsizio bakezalearen mitoa, eta hausturarekin duen harremanagatik".

Riverak El Pais egunkarian idatzitako artikulu batean hala dio: "Gasteizko 76ko martxoa izan zenagatik identifikatu beharko litzateke: gatazka sozialaren adierazpen erradikalizatu bat izan zen, langileen antolakuntzaren adibide bat, kontzertazioaren bideetatik erabat kanpo ibili zena; edozein irtenbide erreformistaren aurkako inpugnazioa, modu aktiboan zein pasiboan. Hori izan zen". Garaiko aldarriak eta eragileak zer moduz zaharkitu diren, eta garaiko errealitate hori nola transmititu daitekeen ahalik eta fidelen, zabalik jarraitzen du eztabaidak.

Nor ez da egon?

"PSOEk 2018tik pauso asko eman ditu: aitortza ofizialak, ordain ekonomikoak, eliza memoria gune izendatzea…".
Antonio Rivera

Ea batzuk ez zeudelako hartu zuten besteek hegemonia, edo batzuek fagozitatu zutelako joan ote ziren besteak, denetariko iritziak daude. Beste kasu batzuetan ez bezala, 50 urtean ez da sortu beste biktima elkarterik, edo mobilizazio alternatiborik. Eta alderdi askok, agintetik gertuago ibili direnak askotan, presentzia urria izan dute Martxoaren 3ko oroimen lanetan. Biktimek urte asko eman dituzte aitortza ofizialik jaso gabe.

Ignacio Funesek Naizen argitaratutako gutun batean gogor kritikatu ditu alkatearen eta ahaldun nagusiaren hitzak, eta haien alderdien jarrera. "Ez dute parte hartu egin diren esfortzu guztietan, duela gutxira arte. Eta hala ere egunkariak eman dien bozgorailua erabili dute gu gutxiesteko, ikusezin bilakatzeko memoria mantentzeko lanean aritu garenok".

"Orain memoriari ohore egingo diotela esaten dabiltzanak, haiek dira iruzurtiak" bota du Jesus Maria Soubies "Txatok", Hala Bedin egindako tertulia batean. "Haiek esaten zuten guzti hau ahaztu egin behar zela. Eusko Jaurlaritzak 38 urte behar izan zituen loreak jartzera joateko. CCOO eta UGT 40. urteurrenean joan ziren…". Santiago Duranek 45 urte eman zituen UGTko militante gisa, eta berak Berrian salatu du sindikatukoek ez ziotela "kasurik ere egin", Martxoaren 3ko memorian parte hartzeko eskatu izan zuenean, urte asko igaro ziren arte. PSOE 2018an batu zela gogoratu du Antonio Riverak, eta ordutik pauso asko eman dituela nabarmendu du: "aitortza ofizialak, ordain ekonomikoak, eliza memoria gune izendatzea…".

"PPk loreak jartzea gure lorpen bat ere bada".
Nerea Martinez

Paradoxikoki, PPko Ramon Rabanera ahaldun nagusiak eskaini zion lehen aitortza instituzionala Martxoak 3 elkarteari; Arabako Urrezko Domina, 2005ean. Baina elkarteak ez zuen 2008ra arte jaso, PPk aldundia galdu zuen arte. Ez zuten PPren eskutik jaso nahi izan, argudiatuz sarraskiaren erantzuleen ondorengoak direla popularrak. Azken urteetan loreak ere eraman ditu PPk monolitora, eta aurten, 50. urteurreneko lore eskaintza baliatu dute memoriaren lapurretari buruzko tesia zabaltzeko ere. "Memoria hau Gasteizko hiriarena da, eta gu ez gaude ados ezein ideologiak bereganatzearekin, are gutxiago Ezker Abertzaleak. Horregatik gaude hemen, egon gara, eta jarraituko dugu egoten".

"Batzuek diote hori iraingarria dela", dio M3an eraildako Pedro Maria Martinez Ocioren ilobak, Nerea Martinez elkarteko kideak, PPren lore eskaintzari erreferentzia eginez. "Izan daiteke. Baina bada gure lorpen bat ere. Egia ofizialak ez du bere bidea egin, baina egia kalean dago jada, hori ezin da aldatu". Martinezek gogora ekarri du urte luzez "utzikeria eta errepresioa" jasan dituztela. "2006an biktimen elkarteko bi kide atxilotu eta auziperatu zituzten, eta azkenengo urteetan Ertzaintza bortizki oldartu da urteurreneko manifestazioetan. Berriro biktimizatu gaitu horrek". Orain erakundeen babes handia dutela eskertu arren, "nork bere bideaz gogoeta eta autokritika" egin beharko lukeela dio.

PSOEren bilakaera

PSOEren 1976ko 'El socialista' aldizkarian Martxoaren 3ko sarraskia salatu zuten, masacrea. "Gaur egun tragedia hitza erabiltzen dute" zehaztu du Ramirez de la Piscinak. Espainiako Gobernuak aurten "Polizia armatuaren neurriz kanpoko jokabidea" gaitzetsi du bere ekitaldian. PSOEren bilakaera azaltzeko, alderdi barruko purgak aipatu ditu Riverak. "Sozialisten oinarrian purgak egon ziren, oinarri komunista batzuekin gertatu zen bezala, eta planteamendu ezkerzaleenak (izquierdistak) kanporatu zituzten 70eko hamarkada amaieran eta 80koaren hasieran".

"Boterera heldu zitezkeela ikusi zuten", dio Riverak, "eta hortik etorri zen aldendu nahi hori. (…) Felipe Gonzalezen gobernuek ez zuten nahikoa egin Trantsizioko aurrekari tragikoak aitortzeko. Ez da kasualitatea memoriaren lehen legea 2007koa izatea". Gerora Ezker Batuan aritutako Koldo Usin PSOEn zegoen garai hartan, eta gogoan du nolako borrokak izan zituzten Felipe Gonzalez eta Alfonso Guerrarekin, beste batzuen artean, alderdiaren zuzendaritzak "ez zuelako ezer jakin nahi" Gasteiz hartzen ari zen bidearekin. CCOO sindikatuaren oztopoak ere aipatu ditu Usinek El Correoko elkarrizketan, "Carrillok ez zuelako Trantsizioan eragin nahi".

Zergatik aldatu du jarrera alderdi sozialistak Martxoaren 3arekiko? Riveraren ustez, "konturatu dira haiena ere badela, eta horregatik batu dira memoria ariketara". Txema Ramirezek de la Piscinak leporatu die  "konplejutik" zabaltzen dutela memoria bereganatzearen mezua, ordura arte egon ez izana justifikatzeko; "betikoek manipulatu dute, betikoek banpirizatu...". Antzekoa dio Funesek Naiz-en, duten "kontzientzia txarragatik" egin dutela, "ia 35 urtean" parte hartu ez izanagatik, "ez memoria mantentzen, ezta egia, justizia eta erreparazioa bilatzen ere. Horregatik sinistu beharra dute M3a manipulatua izan dela".

Hala Bediko M3ko tertulian, 76an Orbeako langilea zen Bego Oleagak gogorarazi du PSOEk PP eta Voxekin batera bozkatu zuela, Sekretu Ofizialen legea mantentzeko. Soubiesek gehitu du, Argentinako Servini epailea Martin Villa ikertzen hasi zenean, gutun bateratua bidali ziotela epaileari UGT eta CCOO sindikatuetako bina idazkari orokor ohik, eta demokrazian izandako lau presidenteek; "Martin Villari loreak botatzen", auziperatzearen aurka egin nahian.

"Non eta El Correon"

Martxoak 3aren memoria bahitu edo desitxuratu izanaren tesi honek presentzia nabarmena izan du El Correon, azken asteetan egin duten jarraipen berezian. "Non eta El Correon", larritu da Ramirez de la Piscina, egunkaria diktaduraren babesle handienetakoa izan zelako Araban. Kazetariak El Correoren editorial bat ekarri du gogora, 76ko martxoaren 9an idatzitakoa, sarraskitik sei egunetara. "Nortzuk dira errudunak?" izenburua du editorialak, eta grebaren antolatzaileei botatzen die indarkeriaren errua. Lau langile hilik, Bienvenido Pereda hilzorian, eta egunkari frankistak "odol egarriz" egotea leporatu zien grebalariei, esanez "langileen heriotza bilatzen zutela, gero biktimak bandera gisa erabiltzeko".

"Biolentoak ezabatu behar dira. Ea ez ote dugun, iraganean bezala, autoritarismora jo beharko"
El Correo, 1976ko martxoaren 9a

"Biolentzia eta biolentoak ezabatzeko beharra" aldarrikatu zuen El Correok [grebalariei buruz, ez Poliziaz]; eta mehatxu eginez amaitu zuen, "ea ez ote dugun, iraganean bezala, autoritarismora jo beharko. Inork galdu nahi ez dituen beste askatasun batzuen truke, izan dezagun, gutxienez, bakean bizi eta lan egiteko askatasuna gure semeentzat". Akusazio "izugarri larriak" dira Ramirez de la Piscinarentzat, eta egunkariari gomendatu dio "bere etxean autokritika" egin beharko lukeela, "El Correok berak beste hainbat eragileri eskatu izan dien bezala".

Martxoak 3ari buruzko jardunaldiak antolatu ditu El Correok urteurrenaren harira, Martxoak 3ko biktimen elkartea gonbidatu gabe. Mahainguru nagusietako baten oinarrian egon zen "Zaramagako gertakarien apropiaziotik urruntzea", hedabidearen esanetan. M3aren "distortsiorik gabeko" oroimena eskatu zuten bertan, "Gasteiz osoa eroso sentituko den" memoria bat. "Ilogikoa da", kexatu da Ramirez de la Piscina, "Nork bideratu behar du memoriaren borroka hori? Eskuinak? EAJk? Alderdi Popularrak?".

Antonio Riverak ez du uste El Correok autokritikarik egin behar duenik. "Egunkari bat produktu bat da, denboran zehar aldatzen doana, batez ere hain zaharra izanik. El Correo Espainiako eskuin muturraren egunkari gisa jaio zen, baina noski, gaur egun inork ez luke esango horixe bera denik. Uste ez dugun bezala EAJ eta Ezker Abertzalea arrazista eta 'abizenzale' kuadrilla bat direnik, Sabino Aranaren oinordekoak izateagatik".

Memoria ez ote da izango, lurra bezala, lantzen duenarena. Hamarkadetan zehar Martxoaren 3a aldarrikatzen ibili diren askok poza adierazi dute, M3a ondo iltzatutako egun bat delako gasteiztarren memorian, eta baita azken urteetan ere, inork ez duelako argazkitik kanpo gelditu nahi. Funesek gomendio bat luzatu du, baina, bere iritzi artikulua amaitzeko: "Norabait berandu iristen zarenean hobe izaten da ez nabarmentzea gehiegi, eta are gutxiago lehenago heldu direnei bultza egitea. Itsusia gelditzen da".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago