Enviserreko grebalari baten kaleratzearen aurka mobilizazioak deitu dituzte lorezainek

Jon Hidalgo 2026ko martxoaren 5a

ESKren Arabako hainbat ordezkarik elkartasuna adierazi diote kaleratutako langileari: Argazkia: ESK

Urrian, greba amaitu eta 12 egunera kaleratu zuen langilea enpresak, eta martxoaren 16an izango da kaleratzearen aurkako epaiketa. ESK eta LABek lanuztea eta elkarretaratzea egingo dute epaiketa bitartean, "garaipen haren aurkako mendeku saiakera" salatzeko.

ESK sindikatuak salatu du Enviserrek, Gasteizko parke eta lorategien garbiketa eta mantentze zerbitzua kudeatzen duen enpresak, grebalarietako bat "justifikaziorik gabe" kaleratu zuela joan den urrian, greba mugagabea amaitu eta 12 egunera. 198 egun iraun zituen grebak, eta, sindikatuaren arabera, kaleratutako langilea grebako kide "aktiboenetako bat" izan zen. Kaleratzeko erabakia errepresalia argia dela salatu dute, "garaipen haren aurkako mendeku saiakera", sindikatuaren esanetan.

Kaleratzea urrian izan bazen ere, kaleratzearen aurkako epaiketa martxoaren 16an egingo da, eta sindikatuak zein langileek exijitu dute "kaleratzea baliogabetzea eta Juan lankidea berriz hartzea".

Lanuztea epaiketa egunean

Gaur goizean egindako asanbladan, Enviserren langileek erabaki dute lanuzte bat eta elkarretaratzea egitea, kaleratutako kideari elkartasuna adierazteko. ESK eta LAB sindikatuek deitu dute lanuztea, eta jada eman diete haien asmoen berri enpresako zuzendaritzari zein Eusko Jaurlaritzari.

Lau orduko lanuztea egingo dute martxoaren 16an, 7:00etatik 11:00etara. Tarte horretan, 9:00etan hasita elkarretaratzea egingo dute, Gasteizko epaitegien aurrean. Langileek mezu argia plazaratu dute: "Juan berriz onartzen ez bada, gatazka berriro aktibatuko da". Greba hasi aurretik adostu zuten ez zutela inolako errepresaliarik onartuko, eta sindikatuen arabera, enpresak konpromiso hori urratu du.

Gaurko prentsaurrekoan, ESKk Araban dituen ordezkari ugarik babestu dute kaleratutako langilea. Sindikatuak adierazi du prest dagoela gatazka "Gasteizko txoko guztietara zabaltzeko", enpresak langilea berriz hartzen ez badu. ESKk gogorarazi du duela bi egun milaka gasteiztar atera zirela kalera 1976ko martxoaren 3ko borroka eta antolakuntza eredua aldarrikatzera, eta aldarrikatu dute Enviserren greba tradizio horren jarraipena izan zela: antolakuntza asanblearioa, ekintza zuzena eta lan baldintza duinen aldeko borroka.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago