Gasteizen 37 atezain atzeman ditu Udaltzaingoak karnetik gabe lanean

Jon Hidalgo 2026ko martxoaren 5a

Kerman Villateren hilketak areagotu egin du atezainen jardunaren inguruko kezka. Argazkia: ALEA

Udalak espedienteak zabaldu ditu legez kanpo lanean diharduten atezainen aurka.

Otsailaren 23an bete zen urtebete Mítika diskotekako atezain batek Kerman Villate hil zuenetik, eta gertaerak segurtasunaren inguruko kezka soziala areagotu zuen. Testuinguru honetan, atezainen jardunaren inguruko arau hauste berriak agertu dira Gasteizen.

Udaltzaingoak 37 atezain identifikatu ditu titulazio egokirik gabe lanean, taberna eta diskoteketako sarreretan. Langile horiek ez zetozen araudiarekin bat, eta udalak dagozkion espedienteak ireki ditu.

EH Bilduk salatu du kontrol hauek Mítikako hilketaren ondoren soilik areagotu izana, eta kritikatu du espedienteak Ertzaintzara igorri ez izana. Segurtasun zinegotziak azaldu du Udaltzaingoa dela egiaztapenak egiten dituena, baina zigorrak Ingurumen Sailak kudeatzen dituela.

Kontrol gehiegi, edo gutxiegi

Atezain gisa aritzeko ezinbestekoa da dagokion titulazioa edukitzea. Ziurtagiri horrek hainbat baldintza jasotzen ditu. Batetik, proba teorikoak, psikologia, lege esparrua eta lehen sorospenak ezagutzen dituztela egiaztatzeko. Eta bigarrenik, proba psikoteknikoa ere eskatzen zaie, lanerako egokitasuna eta gaitasunak baloratzeko.

Autonomia erkidego bakoitzak du bere araudia, eta karnetek iraungitze data izan ohi dute, beraz, berritu egin behar izaten dira. Erregistro ofizialek, gainera, atezain bakoitzaren aurrekariak jasotzen dituzte, segurtasun kontrola bermatzeko.

Aurkikuntza honek berriro jarri du mahai gainean gaueko lokaletan egiten diren kontrolen maiztasuna eta eraginkortasuna. Eztabaidagai dira, azkenaldian, egiaztapenak noiz eta nola egiten diren, zein erakundek hartu behar duen ardura zigorrak eta kontrolak kudeatzeko, eta ea atezainen prestakuntza eta egokitasuna benetan bermatuta dauden ala ez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago